Hondakinen sorrera murrizteko eta ahal bezainbat berziklatzeko helburua markatu dute Hondarribiko jaietan

Antxeta Irratia 2023ko ira. 4a, 00:00

Jai jasangarriak izan daitezen, ‘Ospatu eta zaindu ingurumena!’ lelopean jaietako sentsibilizazio kanpaina eta garbiketa dispositiboa aurkeztu dute Txingudiko Zerbitzuak eta Hondarribiko Udalak, “jaietan gozatu ahal izateko atzetik lanean dauden pertsonekin enpatiaz jokatzeko” deia eginez.

Erakundeen arteko lankidetzari esker, irailaren 6tik 11ra bitartean, (eta aurreko egunotan ere), herria garbi mantentzeko ahalegina eta norbere karbono zein hondakin arrastoari buruz hausnartzeko galdegin diete herritarrei. “Jaiak gozatzeko dira, baina hondakinak ez ohiko kopuruetan biltzen diren egunak direnez, enpatiaz jokatu beharko genuke eta hausnartu nola jokatzen dugun, atzetik lanean dauden pertsona eta jartzen diren baliabide tekniko guztiak aintzat hartuz”, esan du Ortzi Alonsok, Hondarribiko Udaleko Herritar Nortasunerako zinegotziak.

Zentzu honetan, jaietan kale-garbiketa bermatzeko inbertsioa %53 emendatuko dute, 11.727 euro gehigarri bideratuz. Eta ohiko 15 beharginetatik 30era pasako dira egun nagusietan. Guztira 55 lanaldi gehiago emango dira, eta ostatuen jarduna kontuan hartuta, zabor kontainerrak egunean hirutan bilduko dituzte egunotan. Kale garbiketa goizeko 6:00etan hasiko dute egunero, hilaren 9an izan ezik. Alardearen biharamunean 4:00etan hasiko baitira.

Kaleko garbiketa zerbitzuei lotuta, herritarren ardura eskatu dute agintariek. Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak azaldu duenez, “herrian zehar hondakinak bereizteko aparteko 15 gune edo irlatxo” ezarriko dituzte. 4 San Pedro kalean, bina Butroi pasealekuan, Arma Plazan, azoka eremuan, Zezen plazan eta Jostaldin, eta beste bat Kasino Zaharran. Bentako txosna gunean ere, ez dira halakoak faltako. Eta bertako sei txosnek 16.416 edalontzi berrerabilgarri jasoko dituzte, euro baten truke, herritarrek jaietan erabili eta ondoren itzultzeko. “Edalontzi hauek erabiltzen hasi gine momentutik nabarmen aldatu egin da Bentako eremuaren irudia eta garbiketa”, aitortu du Zubiturrek. Are gehiago kontuan hartuta, eremua Bidasoa ibaiaren ertzean dagoela, eta garai batean plastikozko erabilera bakarreko edalontzi asko itsasoan bukatu ohi zutela.