Galdera horri erantzun argia eta azkarra eman diezaioten auditorioa bat galdegin diote pentsionistek espainiar gobernuari. Ministroak 30 urteotan diru kopuru hori beste gauza batzuk ordaintzeko pentsioen kutxatik desbideratu egin dutela aitortu eta gero.
Txingudiko Pentsionisten Plataformako 200 bat lagunek astelehen honetan Irungo San Juan plazan bildu dira berriz ere. Bosgarren ikasturtea abiatzen dute asteroko mobilizazioekin, 1.080 euroko gutxieneko pentsio duin baten alde. Eta urteotan pentsioen sistemak jasandako erreformen kontra borrokatu ondotik, geroz eta argiago dute, pentsio sistema publikoa jasangarria dela. Eta agintariek “aitzakiak” besterik ez dituztela bidean jartzen, sistema pribatizatze aldera. “Baina komunikabide gehienek eta politikariek ez dute gaia euren agendan, isilarazi nahi gaituzte”, kexu da Patxi Bengoetxea plataformako kidea.
Ikasturteko aurreneko manifestazioan 140.000 milioi zifra, urre kolorezko puztukiekin batera irudikatu dute manifestazio buruan, Escriba ministroak berriki aitortu duena salatzeko. Plataformako kideak oroitarazi duenez, “ministroak esan du 30 urteotan diru kopuru hori desbideratu egin dutela pentsioen kutxatik, eta ez dute zer ordaintzeko erabili duten justifikatu”. Horiek horrela, espiniar gobernuak auditoria bat egin dezala aldarrikatzen dute, “bolatilizatu egin den dirua non dagoen argitzeko”.
Txingudiko Pentsiodunen Plataformak asteleheneroko mobilizazioekin jarraituko du Irunen. Eta iragarri dutenez, bost urteotan aldarrikatu duten 1.080 euroko gutxieneko pentsioa 1.200 eurotara eguneratu egin beharko dute aurki. Bost urte iragan baitira agintariek eskaera honi ez ikusiarena egiten diotela, eta inflazioaren ondorioz, motz geratu da dagoeneko.