Mairuen Alardean “genero berdintasuna eta arrazakeriaren kontrako dibertsitate kulturala txertatu” dituzte 2007az geroztik eramandako elkarrizketa prozesuari esker. Eta galzorian zen tradizioa biziberritzea lortu dute Antzuolan.
Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideak, Antzuolako Mairuen Alardea sariztatu du, 2007az geroztik eraman duten prozesua eredugarria delakoan. Hondarribia Berdintasunaren Hiria Sari banaketaren bederatzigarren aldia zuten, eta urtero bezala, berdintasunaren alde lan egin eta egiten duten pertsona zein erakundeak saritzen ditu Jaizkibel konpainia parekideak jaien atarian.
Aurten, Antzuolan 1880tik ospatzen duten alardean “genero berdintasuna eta arrazakeriaren kontrako dibertsitate kulturala tradizioan txertatu” izana txalotu nahi izan dute, Garbiñe Bihurrun, Nieves Alza, Fermin Muguruza, Maddalen Iriarte eta Arantxa Urretabizkaiak osaturiko epaimahaiaren erabakiak.
Hondarribian ere gauzak aldatzeko keinuak eman ditu udal gobernu berriak. Igor Enparan alkate berria ekitaldian presente izan baitzen, estreineko aldiz, udal gobernukide guztiekin batera. Eta jaietako udal programan ere barneratu dute sari banaketaren hitzordua agendan.
Nolanahi ere, halako gatazkak gainditzeko, tokiko agintarien inplikazioa ezinbestekoa dela uste dute Antzuolako sarituek ere. Pilar Etxaniz alardearen elkarteko ordezkaria eta Olatz Lezeta alkatea berak, ez dute ulertzen nola luzatu ahal izan den 26 urtez. “Sexu edo genero kontuengatik, edo nongoa zaren ez luke baldintzatu behar herri bateko ospakizuna. Elkarrizketa da bidea, eta denontzako lekua dago jaiak ospatzeko eta gozatzeko”, dio Lezetak. Mairuen Alardearen elkarteko ordezkariak ere argi du, “testuinguru soziala aintzat hartzen ez duen tradizio batek, tradizio hutsa izanagatik ez duela etorkizunik”. Antzuolan galtzorian zegoen alardea biziberritzea lortu dute urteotan, herritarren errealitatera eguneratuz.
Hondarribian, aldiz, aurten 26 urte beteko ditu Jaizkibelek alarde bakar, publiko eta parekidea aldarrikatzen. Lehen keinuak emango ditu herriko etxeak, zenbait baimen onartu baititu. Eta sari banaketan nabarmendu zituen Jaizkibel konpainiak. Lehen aldikotz harrera egingo die alkateak, eta goizeko desfilea Gernikako Arbolatik abiatzea baimendu zaie. Baina oraindik ere, Hondarribian “antzuolatarrengandik asko ikasteko” daukatela aitortu zuten ekitaldian, eta herritarren babesa eta agintarien borondatea uztartuz lortuko dutelakoan itxaropentsu azaldu ziren.