Hondarribiko lorezainekin akordioak aurrekari arriskutsua suposatzen duela ohartarazi du EAJk

Antxeta Irratia 2023ko ira. 4a, 00:00

Udal gobernuak grebarekin amaitzeko eskainitako akordioan “gauza asko airean” daudelakoan, kezkaturik azaldu dira jeltzaleak. Azpikontrata ereduarekin segitu beharrean, Abotsanitzek “saldu duen udal zerbitzuen munizipalizazioa” egin dezatela eskatu dute.

Abuztuaren 29an jakinarazi zuen ELA sindikatuak lorezainen greba bertan behera uzten zutela, 115 greba egun ondotik akordioa lortu zutelako. Udal gobernu berriaren “borondatea langileen borrokarekin uztartu izana” nabarmendu zuen sindikatuak hau posible egiteko. Izan ere, ELAI azpikontrata enpresa ez baita maiatzaz geroztik langileekin eseri egin ere negoziatzeko. Eta uztailan Hondarribiko Udalarekin kontratuaren zerbitzua ez betetzeagatik 18.000 euroko isuna ezarri zion enpresari. Akordioa lortzeko, aldiz, 8 lorezainen lan baldintzak udal funtzionarioen baldintzekin ekiparatu dituzte, batez bestean %20ko soldata igoerarekin, eta urtean 107 lanordu gutxiago eginez.

Hondarribiko EAJk ez du begirunez hartu akordioa. Txalo Carrion bozeramaleak oroitarazi du Abotsanitzek azpikontratekin amaitu eta udal zerbitzuen munizipalizazioaren aldeko apostua iragarri zuela. “Hori saldu zuten, ba orain ez da ulergarria lehiaketa berriaren baldintza plieguetan zerbitzua hórrela garestitzea”, dio. Oroitarazi duenez, langileen soldata igoeraz gain, enpresek eslotazio margenak dituzte azpikontratak direnean medio, %9 inguru. “Zerbitzua azpikontratarekin segitu eta %30 garestitzea bada lan gatazka bati erantzuna, batzuekeri ematen zaiena, beste langileei ere eskaini beharko zaie”, ohartarazi du Carrionek, “gero etorriko dira etxez-etxeko langileak, garbitzaileak, liburutegia… eta zenbat garestituko da udalaren aurrekontua?”. Horiek hala, azpikontrata mantendu eta garestitu besterik ez delakoan egin, aurrekari arriskutsua markatzen duen akordio hau bururaino eraman beharrean, “Abotsanitzek saldu duen politika munizipalizazioa izan denez, egin dezatela, empresa bat beharrean, udala atera dadin irabazten”, argitu du.