Udal lorazainen sektorean Euskal Herrian aurrekaria markatzen duen akordioa itxi dute, soldata %20 batean hobetuz eta urtean 108 lanordu gutxiagorekin. Hitzarmen berriak, udal langileekin ekiparatuko ditu azpikontratako udal lorazainak.
ELA sindikatuak argitu duenez, abuztuan zehar Abotsanitzeko udal gobernu berriak azkartutako negoziazioen ondorioz, “lehen ezinezkoa zena posible bilakatu da”. Xabier Etxaniz sindikatuko ordezkariak oroitarazi du ELAI S.L. enpresa martxotik “negoziaketa mahaitik desagertua” egon dela, baina “udal agintarien borondatea eta langileen borroka uztartzen denean” lan baldintzak duintzea posible dela erakutsi dutela.
Horretarako hilabete luzeko lan gatazkari eutsi behar izan diote lorazainek. Gogoratu behar baita, martxoaren 21etik 23ra greba egin eta gero, enpresak proposamen eskax bat egin zuela. Eta ez du besterik egin orain artean, “gatazka luzatzen utzi baitu, aurreko udal gobernuak eskuhartzerik ez zuela zioen bitartean”. Uda honetan, aldiz, Hondarribiko udal gobernu berriak (Abotsanitz) zerbitzua ez betetzeagatik 18.000 euroko isuna jarri zion enpresari. Eta horren haritik, maiatzaren 15az geroztik greba mugagabean egon ondotik, “Euskal Herri mailan lorazainen sektorean aurrekari bat markatzen duen Lan Hitzarmena” zehaztu beharko dute oraindik, baina “lan baldintza duinak” lortu dituztelakoan daude.
Udal langileekin ekiparazioa
Izan ere, udal langileen baldintzetara ekiparatuko dituzte, batez bestean, %20ko soldata igoerarekin eta 108 lan ordu gutxiago eginez urtean. Gainera, urtarrilaz geroztik enpresak zor dien dirua irailan ordaintzera behartuko du akordioak.
Pozik itzuli dira lanera Hondarribiko 8 udal lorazainak, hiruhileko batean pilatutako belarrak garbitzera. Jakinik gainera, 2024an ELAI S.L. enpresaren azpikontrata bukatutakoan ere, hurrengo kontratuaren lehiaketarako plieguetan ere, Lan Hitzarmen horrek zehaztuko dituela Hondarribiko Udaleko lorazainen baldintzak.