Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza publikoak jasotzen dituen hezkuntza zentro hontako andereñoei Madrilgo lan hitzarmen estala aplikatzen diete 2012az geroztik. ELA sindikatuak salatu duenez, “funtsezkoa eta kualifikatua den lana prekarietatean egiten dute”, azken 11 urtetan ordainsaria izoztua dutelarik, soldata minimo profesionalaren mugan.
2008an Bidasoa Bizirik eta Europako ‘Equal’ ekimenaren ‘Gertu’ proiektuaren babesarekin sortutako Irungo Kuttuna haur eskolako andereñoekin bat eginez, hiru greba egun deitu du ELA sindikatuak uztailaren 12, 13 eta 14an. Erakunde publikoen babesaren oinarrian, zaintza sektoreko enpresen sorkuntza sustatzea eta profesionalizatzea, eta enplegu ezkutua murriztea eta emakumeen enplegua indartzea bazen ere, 15 urte geroago “lan prekarizazioaren iturri” dela salatu du euskal sindikatuak.
Zentzu honetan, enpresa pribatua izanik ere, gurasoen hileroko kuotak ez ezik, Kuttuna haur eskolak diru-iturri publikoak dituela nabarmendu du sindikatuak. Proiektuaren abiatzean Bidasoa Bizirik garapen agentziaren babesa jasotzeaz haratago, Eusko Jaurlaritzak urtero diruztatzen baitu bere aurrekontuaren parte garrantzitsu bat. Baina 0-3 urte arteko haurreskola honek, urtez-urte laguntza publikoa jasotzen badu ere, “esentzialak diren langile kualifikatuak prekarietate gorrian” daudela salatu du euskal sindikatuak. Eta diotenez, lan gatazka ez da oraingo kontua. Izan ere, zailtasunen aurrean haur eskola hetsi egingo zuelaren menturan, badira 11 urte Madrilgo Lan Hitzarmen estatala izenpetuarazi egin zietela soldataren laurden bat eta hainbat eskubide galduz egun batetik bestera. Orduz geroztik, egoerak hobetu ahala zuzendaritzak langileei hitz emandako hobekuntzarik bete ez ezik, langileen eskaerei ere muzin egin die urteotan.
2012az geroztik soldata izoztua eta KPIa eguneratu gabe, langileen egoerak okerrera egin du urteotan, eta Gipuzkoako sektoreko lan hitzarmenarekin gainerako zentroek eskaintzen dituzten lan baldintzekin alderatuta, ordainsarian %40 inguruko aldea bait dute. Hitzarmen estatalak markatzen dituen lanorduak baino gehiago egiten dituzte, eta formakuntza-programazio orduak ez dira errespetatzen, besteak beste. “Gaur egun soldata minimo profesionalaren truke ari dira lanean haur eskola honetan, egoera prekarioan, baina badira beste hainbat eskubide negoziatu beharrekoak ere”, dio ELA sindikatuko Hezkuntza arloko Mikel Urangak.
Hezitzaile lantalde finkoaren erdiak bat egin du “negoziaketa eskatzeko” grebaldiarekin. Langileek diotenez “Kuttunan zaintza eta heziketa kalitatezkoa eta hurbilekoa da, bai. Baina gure bokazio eta dedikazioagatik”. Proiektu honetan langileek duten pisua balioan jarri eta lan baldintza duinak galdegiten dituzte beraz, “Gipuzkoan lan egiten badugu, bertako lan baldintzak eskatzen ditugu, duintasunez lan egiteko, besterik ez”. Aurreneko greba egunean egindako mobilizazioetan gurasoen gehiengo baten babesa jaso dute. Sustenguaz gain, sinadurak biltzeko eta presio emateko laguntzeko prest ere azaldu dira.