Udan ez dituzte obrak geldituko hondarribitarren faboretan eta ikastetxeekin pentsatuz

Antxeta Irratia 2023ko uzt. 12a, 00:00

Kalez Kale Hondarribia Hobetzen programaren obretan; Hondarribiko Udalak herritarren egunerokoa lehenetsi du, historikoki egin den udatiarren interesekin pentsatu beharrean. Izan ere, Sabino Arana kaleko obretan ezusteko teknikoek eragindako atzerapenaren aurrean, udan lanetan jarraitzea erabaki du udalak.

Estitxu Urtizberea alkateordeak argitu duenez, "udan gelditzeak obra bitan asfaltatu eta berriz altxatzeko beharra sortzen zuen arrazoizkoa ez den gastua aurreztuko dugu horrela, eta demostratuko dugu udan ere obrak egin daitezkeela trafikoan kalte txikienarekin".

Udan lanekin jarraitzeari esker, Sabino Aranako lanak azaroan amaitu ahalko dituzte, otsaila arte luzatu beharrean. Uztailan amaitzea aurreikusia bazegoen ere, Txingudiko Zerbitzuak - Servicios de Txingudiren lurpeko lanetan hoditeriaren egoera uste baino okerragoa dela identifikatu baitute, eta lanak nahitaez "sakonago eta teknikoki konplexuago" beharko dute. Halere, abuztuaren azkeneko hiru asteetan beharginek atseden hartuko dute.

Udalak aintzat hartu du epeak laburtzearen garrantzia iraileko ikasturte berriari begira. Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeen ikasturte hasieran ahalik eta molestia gutxien eragite aldera, lan handienak udan egin eta irailan ahal den aurreratuen egotea dute helburu, joan-etorriak ahalbidetzeko eta ikasleei zarata sahiesteko. Izan ere, udazkenean azaleko espaloi eta asfaltatze lanak finduko dituzte, behin sakoneko hodiak berrituta.