Avenida zubiko "antzerki lotsagarria" eta muga "arrazista" salatu dituzte

Antxeta Irratia 2023ko uzt. 7a, 00:00

Santiago zubia blokeatu zuten uztailaren 6an hamarka herritarrek, «egunotako antzerki lotsagarria» salatuz eta zubiak irekitzea exijituz.

Uztailaren 22rako mobilizazio deialdia egin dute Santiago Zubian bildu diren Bidasoaz bi aldeetako migranteen aldeko eragile, elkarte eta sindikatuek.

«Muga arrazista» eta etorkinekiko eta haien laguntzan ari direnekiko «jazarpena» salatu dituzte. Avenida Zubia 24 ordutan berriz hesitzearekin batera, poliziak orain dronekin ere kontrolatzen duela azpimarratuz.

2020tik Bidasoaldea «eremu kontrolatua eta militarizatua» dela oroitarazi dute. Eta mugitzeko askatasunik eta bide seguruak ez dauden heinean, Europako Batasunak eta Frantziako eta Espainiako estatuen politika migratorioak direla orain arte emandako 9 heriotzen eragile zuzenak.

Aintzane Lasarte Bidasoa-Etorkinekin elkarteko kidearekin mintzatu gara Santiago zubiko elkarretaratzean.