«Txingudi Ikastolak izugarrizko erronka izan du Irun pittin bat euskalduntzeko, eta gu hor egon gara urtez-urte»

Antxeta Irratia 2023ko uzt. 6a, 00:00

Amaia Gorrotxategi Aizpeoleak erretiroa hartu berria du. Txingudi Ikastolan 1979tik joan den ekaina arte andereño izan da 44 ikasturtez. “Esperientzia izugarri polita” izan dela aitortzen du “bizitza oso bat, eta Txingudi Ikastolan oso zoriontsua izan naiz beste hainbat lankide bezala”. Izan ere, berak nabarmentzen duenez, aurten lau izan dira 40 urtetik gora bertan irakasle lanetan ibili ondoren erretiroa hartu duten lankideak.

Gurpil horretan sartuak, lau hamarkadatan zehar Txingudi Ikastolak “izugarrizko erronka” izan duela dio, “Irun pittin bat euskalduntzeko, eta gu hor egon gara urtez-urte”. Zorte handia Txingudi Ikastolarentzat bere aburuz: “Garrantzitsua da irakaskuntzan horrelako iraunkortasuna izatea, gaur egun ditugun lankide gazteak oso prestatuak daude eta ilusio handia dute, baina oposaketak aterata ere, ez dute horrelako aukerarik, urte bat hemen eta bestea han egon ohi dira”, dio Gorrotxategik. Izan ere, hezkuntza sistema erpin askotarik ikusita erabat aldatu egin da, baita Txingudi Ikastola ere. Haatik, ez beti okerrera. “Nire ustez hobera egin du dudarik gabe”, dio.

Sortzez Zegamakoa, baina hondarbitartua, Zimizarga auzoko Haritzpe baserri eta nekazal-etxean elkartu gara berekin, Guadalupeko magalean. Ikastola utziko zuenerako bizitzaren beste “amets edo erronka” erretiroa hartu baino lehen martxan jartzea lortu baitu familiarekin batera. Beste familia zabala, aldiz, Txingudi Ikastolaren baitan eraiki du. “Nere bizitza osoa, egia esan orain atzera begiratzen dudanean, eztakit nola egin ditudan hainbeste gauza 44 urteotan. Inoiz ez nuen pentsatuko 19 urterekin hasi eta orain arte egingo nuenik”, argitzen du. Halere, erretiroa hartu duela irailaren 1ean ohartuko dela aitortzen du: “Orduan konturatuko naiz benetan”.

Atzerabegirakoa egin dugu berekin. Egungo Oiasso Museoaren eraikinean garaiko ikastolak prekarioan zuen haur hezkuntzan hasi zen lanean 1979an, “gurasoen inplikazioa handia zenean, asteburuetan paretak margotzen genituen elkar, gaur egun pentsaezina dena”. Baina lau hamarkada luzek askotarako ematen dute. Aldaketa askotarako. Euskal eskolaren bilakaeraz zein Irungo iragana, oraina eta geroaz gogoetatzeko haina. 1988an Txingudi Ikastolak antolatutako Kilometroak, 1993an ikastola eskola publiko bilakatzeko hartu zen erabakia, eta urteotan guztietan hezkuntzak, pedagogiak, teknologiaren sartzea ikasgeletan edota gurasoekin harremanak ez ezik, irundar biztanleriaren aniztasunak izan duen eboluzioaren lekukoa izan da, besteak beste. Baina 44 urteotan ikasgelan jaso eta “gehienak gogoan” dituen 500ndik gora ikasleekin lanean, “eman bai, baina asko jaso” duela aitortzen du ere.

Ikaskizunik ere atera duela azpimarratzen du: “Ikasleekin asko ikasten da, ulertzen dituzu egoera zailak bizitzen dituztela, eta eskola segurtasun tokia direla beraientzat, eta irakasleok parte garrantzitsu bat dugula horretan, horrek poza handia ematen dit”. Eta gero, haien malgutasuna egoera berrietara egokitzeko, pandemia garaian bezala. “Izan gaitezke desberdinak, pentsatu dezakegu desberdin, baina errespetua eta enpatia dago denaren gainetik”.