Irungo alardean ere, ezer ez da betiko

Antxeta Irratia 2023ko eka. 30a, 00:00

“Kalean bizi den normaltasunaren irudiko” bi alardeei harrera eginez “udalaren neutraltasuna” adierazi nahi izan du Jose Antonio Santano alkateak aurten. EAJ eta PPko ordezkariekin batera, udal talde politiko guztiek Alarde Publikoari udaletxeko balkoian aurreneko aldiz harrera egin izana “urrats historikotzat” jo dute. Halere, alarde bakar eta parekidea udalak antola dezan, oraindik ere lan handia egiteko dagoela oroitarazi diote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Irungo San Martzialgo alardearen gatazkan aurrerapauso historikoa eman dute gaur. 1998an emakume eta gizonezkoek osatutako alarde berdinzalea desfilatzen hasi zenetik, 25 urte bete direnean, gaurko eguna hautatu du Jose Antonio Santano alkate sozialistak aurreneko aldiz Alarde Publikoari ere udaletxeko balkoitik harrera egiteko. Harekin batera, EAJ eta PP alderdietako udal ordezkariek ere eman dute urratsa.

Alkateak argitu duenez, “kalean bizi dugun normaltasuna udaletxean irudikatzeko garaia da, bi alardeei harrera egin eta nautraltasunez jokatuz, hiritarren elkaribizitzaren irudiko” hartu baitu erabakia. “Aspaldi leporatu zaigun gabezia betetzen dugu horrela”, adierazi du Santanok “baina urteotan gure lehentasun bakarra bizikidetza apur zezakeen edozein elementu sahiestea izan da, eta lortu dugu”.

Zentzu honetan, alardearen besta “despolitizatu beharra” dagoela azpimarratu du, eta horretarako hartu duela erabakia. “Ez dut nahi irundarrek lortu duten elkarbizitza baketsua, udaletxeko balkoian gertatzen denak oztopatu dezan, protagonista jaia bera delako eta ez agintariak”, esan du alkate sozialistak. Hari beretik, alardea bizitzeko bi moduak “zilegiak eta legezkoak” direla nabarmendu du, “gehiengoaren babesa duena bata, eta gutxiengoa bestea”. Baina hemendik aurrera eta Irungo herriak horrela izan dadin nahi duen bitartean, udalak neutraltasunez jokatuko duela iragarri du. Gaur eman den argazkia “urte luzeetan” hala aurreikusten duela iragarriz. Izan ere, Santanok PSEko Miguel Angel Paez, EAJko Xabier Iridoy eta PPko Iñigo Manriquerekin egindako agerraldi komunean, alarde bakarraren aldeko urratsik ez du inolaz ere aurreikusi.

Kontrako baizik. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeei gaur sozialistek, jeltzaleek eta popularrek egin duten moduan, heldu den urtean bi alardeei harrera egitera gonbidatu ditu “irundar guztien ordezkari garen heinean, errespetuz jokatzeko”, azaldu du alkateak. “Espero dut gaurko mezua ulertuko dutela, pilota haien teilatuan dago orain”, gaineratu du.

Urrats garrantzitsua, baina ez nahikoa

Azkar hartu du EH Bilduk pilota. Gonbdapenaren berri eman bezain pronto, Mertxe Aizpuruak, koalizio subiranistaren Madrilgo Kongresuko bozeramaleak argi utzi baitu alarde bakarra dela bidea. “25 urte berandu iritsi da keinua, baina ongi etorria da. Halere, guk beti defendatu dugu alarde bakarra eta parekidea, eta udalak antolakuntza har dezan espero dugu izatea hurrengo urratsa”, argitu du. Oihana Briones, Irungo EH Bilduko bozeramaleak (herriko bandera Alarde Publikoari entregatzeko gaurko arduraduna) ere oroitarazi du, 2023ko udal aurrekontuetan dagoeneko alardea antolatzeko diru-partida proposatu ziotela udal gobernuari. Eta agintaldi berri honetan ere, azken helburu hori lortzeko lanean jarraituko dutela.

Elkarrekin Podemosek bere partetik, pozik azaldu da “alkateak amore eman izanarekin Alarde Berdinzaleari harrera egiteko aspaldiko erreklamazioaren aurrean”, baina oraindik ere bide luzea egiteko geratzen dela oroitarazi du. Miren Etxebestek, Gipuzkoako Batzarretako Elkarrekin-eko bozeramaleak gaineratu duenez, “zentzudunak izan behar gera orain, eta alarde bakarra lortzea zaila izango da epe laburrean. Halere, hiru talde atzerakoiek behin urratsa eman dutela espero dugu Irungo V. Udal Berdintasun Plana onartzea, eta hemendik aurrera udalaren babesarekin antolatutako alarde parekide eta publiko batetaz hitz egiten has daitezela”.

Bestalde, Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendari berria ere “oso pozik” azaldu da gaur udalabtzako hautetsi guztiek Alarde Publikoa babestu izanarekin. “Aldaketaren seinale gisa, alarde parekide eta bakarra lortzeko bidean lehen keinu bat besterik ez da”, bere ustetan. Izan ere, “gizartearen eta gazteen indarrak bultzatu duen aldaketak” jaiak berdintasunean ospatzeko bidea egin duelakoan dago.

Hain justu gazteen indarraren irudiko izan da Alarde Publikoa aurten. 2.000 partaideen langa gainditu du aurreneko aldiz. Eta desfilatzen zein ardura karguetan ere (zenbaitzuekin hitz egin dugu erreportaian entzungai), 25 urte baino gazteagoak diren partaide berri anitz sartu dira aurten. Eta aurten Antxon Jauregi Vidal kantineroaren kasuan ere, genero berdintasunean urrats berri bat eman du alarde berdinzaleak.

Alarde baztertzaileak, aldiz, 6.842 lagun bildu ditu aurten. Azken 25 urteotako kopururik apalena.

Erlazionatuak

Irungo alardean ere, ezer ez da betiko

Antxeta Irratia 2023 eka 30 Behe Bidasoa