Elkarrekin Podemos: «Iazko San Martzial egunean eman genituen urratsetan ez dezala atzera egin eskatzen diogu Santano alkateari»

Antxeta Irratia 2023ko eka. 29a, 00:00

Irungo alkateak Alarde Publikoari harrera egin diezaiola eskatu dio David Nuñok, Elkarrekin koalizioko bozeramaleak “egindako bidean sakondu eta pausuak ematen jarraitzeko”. Bestalde, ‘konpainia kubata’ren ekainaren 22ko eraso matxistaren aurrean alkatearen isiltasuna deitoratu du: “udaletxeak irmoki gaitzetsi behar lituzke halako erasoak”.

San Martzial egunaren atarian, alardearen gatazkaren konponbidean aurrerapausorik baino, Irungo Udalak atzera egingo duela dirudi. Iaz Miren Etxebeste, Elkarrekin Podemoseko udal gobernukide eta Berdintasun arloko ordezkari zela, alarde parekidearen herriko bandera jaso zuen udaletxeko arkupeetan Alarde Publikoari harrera eginez. Aurreneko aldia zen, eta Jose Antonio Santano alkateak azken bi hamarkadetan bezala, alarde baztertzaileari baizik ez zion harrerarik egin.

David Nuño, Elkarrekin Podemoseko bozeramaleak enplazamandu zuzena egin dio alkateari aurten normalizaziorako bidean urratsak eman ditzan. “Udaletxeak alarde publikoa eta parekidea antolatu beharko luke, baina horretarako lehenbiziko urratsak eman behar dira, eta izan balkoian izan arkupeetan, nahi duen bezala, baina Alarde Publikoari harrera egin diezaiola eskatzen diogu”, aldarrikatu du Nuñok. Elkarrekin taldetik azken urteetan behin baino gehiagotan alkateari eskaera berbera luzatu diotela ohartarazi du, “alarde parekideak errekonozimendu bat behar duelako” aldaketarik gabe orain artean. Aurten, aldiz, “agian, badirudi, ezustekoren bat eman daitekeela”, esan du ezker eta berdeen koalizioko bozeramaleak.

Bere taldeak bihar alarde parekideari harrera egingo diola iragarri du. Eta iaz urrats historikoa eman zuen Miren Etxebesterekin batera (orain Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeko bozeramaile gisa), Podemos Euskadiko idazkari nagusia eta Madrilgo Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Pilar Garrido ere udaletxean izango da.

San Juaneko erasoen aurrean isiltasuna

Bestalde, ekainaren 22an San Juan plazan ‘konpainia kubata’ko kideen eskutik bi neska plazatik kanporatzeko emandako eraso matxistaren aurrean “kezka handia” adierazi du Nuñok. “Bitan larria da, gazteak zirelako erasotzaileak eta duela 20 urteko jarrerak erreproduzitzen ari dira orain”, dio. Era berean, gertaturikoaren aurrean alkateak edo udaletxeak gaitzespen adierazpen ofiziala plazaratu ez izana deitoratu du: “Alkateari exijitu egin diogu gaitzetsi zezala gertatu zena oso larria delako, udaletxea argia izan behar da edozein erasoren aurrean, baina tamalez, isilik mantendu da”.