Alarde Publikoa: «Alkateak ezikusiarena egiten du, ez gaitu harritzen, normaltasunean sartzen ditu normalak ez diren erreakzioak»

Antxeta Irratia 2023ko eka. 28a, 00:00

Modu informalean gazteek osatzen duten ‘konpainia kubata’ko hainbat kidek ekainaren 22an San Juan plazan egindako eraso matxistaren aurrean, Jose Antonio Santanoren jarrera salatu du Alarde Publikoak. “Beretzat dena ongi dago, badirudi hemen ez dela deus pasatzen”. San Miguel konpainiari arraultz bat ere jaurti egin diote ensaioetako batean.

San Pedro eta San Martzial jaien testuinguruan, entsegu saioen ondotik gazteek modan jarri duten ‘konpainia kubata’ delakoaren baitan, joan den ekainaren 22an Irungo San Juan plazan emandako eraso matxista baten bideoak bazterrak harrotu ditu. Ez aldiz, agintari guztien konzientziak. Antxeta Irratiak Jose Antonio Santano alkateari iritzia galdegin diolarik, ez du adierazpenik egin nahi izan. Aipatutako bideoan, alarde baztertzaileko kide gazteek desordutan eta modu informalean osatzen duten konpainia ez ofizial horretan “que se vayan” (joan daitezela, joan daitezela) oihukatzen zieten, plazan txilibituarekin jaigiroan parte hartu nahian zebiltzaten bi neskaren aurrean oldartuz. ‘Cara al sol’ abesti frankistaren doinuak ere jo zituzten bien bitartean.

Anitzak izan dira gertaturikoa gaitzesteko adierazpen publikoak. Antxeta Irratiak berak biharamunean egindakoaren gisakoak. Irungo EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde politikoek, Irungo eragile feministek edota Hondarribiko Emeki elkarteak bezala, baita Jaizkibel konpainiak ere. Irungo Alarde Publikoak ere gogor salatu du, bestan partehartzeko eta plaza aske okupatzeko eskubidea aldarrikatuz. Honen harira, Alarde Publikoko Estatu Nagusiko Zalditeriaren laguntzailea, Naiara Diez Manterola elkarrizketatu dugu Antxeta Irratian.

Mende laurden atzera

Bere irakurketa argia da. “Duela 25 urteko egoerak gogora ekartzen dituen gertakari hauekin atzerapausoa eman dugu, eta pena handia ematen du ikusteak, hain jende gaztea dela, beraiek izango baitira gure etorkizuneko gizartea”. Eraso zuzenetatik haratago, oraindik ere bada jendea ensaioetan bizkarra eman duena, eta San Miguel konpainiarekin gertakari bat eman da gainera. Izan ere, aurten aurreneko aldiz kantinera gisa gizon bat (Antxon Jauregi Vidal) desfilatzen duen konpainiari arraultz bat jaurti zioten etxe bateko lehiotik. “Errespetua eskatzen dugu besterik ez”, dio Zalditeriako laguntzaileak, “baina ez dira kontu berriak”.

Zentzu honetan, Jose Antonio Santano alkatearen jarrera gaitzetsi du Alarde Publikoko Estatu Nagusiko kideak. “Alkate jaunak ezikusiarena egiten du, kalean gerta daitekeenari ere, eta ez gaitu harritu bere isilatasunak”, azaldu du, “beretzat dena ongi dago, eta jaiak ongi pasatzen ditugu normaltasun batean, baina normaltasunean sartzen ditu erreakzio batzuk, ez direnak normalak. Badirudi hemen ez dela deus pasatzen”.

Alkateak alarde parekideari harrera egingo ote dion esperantzarik gordetzen ote duten galdeginda. Argi dute ezetz. “Berak oso argi uzten du urtean zehar ere, alarde baztertzaileak antolatzen dituen ekimenetara joaten dela, eta aurten ere ez da balkoira aterako alarde publikoari harrera egiteko, horretan ere zaharrak-berri”, dio Naiara Diez Manterolak.