EHBai eta EH Bilduk agerraldi bateratua egin dute Hendaian, Frantziako Tourra etxean izango dugunez, beste aldietan Pirinioetan Euskal Herria ordezkatu ohi duen txirrindularitza zaleen euskal mareak, bertako bideetan "bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat garela" aldarrikatu dezan.
Unai Urruzono Urresti, EH Bilduko eusko legebiltzarkideak nabarmendu du erakusleiho handia ireki zaigula "milioika pertsonari adierazteko hemen herri bat dagoela, eta ez garela ez frantsesak, ez espainiarrak".
Filipe Aramendi, Urruñako auzapezak bere partetik, bere kultura eta hizkuntza duen herria garela irudikatzeko aukera paregabea azpimarratu du uztailaren 3ko etapan. Hain justu Gure Eskuk Urruñako errugby estadioa hautatu du inoiz ekoitzitako ikurriñarik handiena ezartzeko egun horretan.
Dena dela, kirol ikusgarriak aldarrikapenetarako beta emango badu ere, ezin estali daiteke trafiko etenduretaz haratago, lasterketak suposatuko duen enbarazua. Aramendik aitortu du, “auzapez gisa gauza ezkor gehiago ekartzen dituela onurak baino”. Herriko etxeko langile guztiak aktibatu beharko dituzte, eta besteren artean eskolak itxi eta gurasoendako zailtasunak izango dira. Badira bestalde hainbat lantegik kalte ekonomikoak jasango dituztenak, eta auzapezak dioenez, herriko etxera jotzen ari dira erreklamazio bideak eske, “Frantziako Tourra da, egun bakarra, baina aparteko neurrien eraginak ez dira neurtzen edo kalte-ordainik eskaintzen ere”, dio Urruñako auzapezak.
Aldiz, badu zerbait ona. Egunotan Hendaia eta Urruñako errepide nagusiak asfaltatzen eta bideak txukuntzen aritu baitira txirrindularien bidea errazteko. “Guk lau urte daramagu konpontzea eskatzen, baina Frantziako Tourrak pasa behar du bideen konpontzeko”, kexu da Aramendi.