Azken 8 urteotan hainbatetan errepikatzen diren soldata ordainketen atzerapenek “%95ean sektore feminizatua” eta kasu askotan “atzerriko jatorrikoa” diren langileak mugako egoera ekonomikora daramatzatela salatu du ELA sindikatuak.
Irungo enplegatzailerik handienetakoa izanik, BM eta Super Amara supermerkatuetako UVESCO taldearentzat lan egiten duten 150 bat garbitzaileek salatu dutenez, 8 urte daramatzate ordainsarien atzerapenak pairatzen. “Behin eta berriz errepikatzen den egoera da, eta muturreko egoerara iritsi gara”, dio ELA sindikatuko ordezkariak. Argitu duenez, Dai96 azpikontratak langileen gatazkaren kontentzio lanak egin ditzala galdegin dio ELA sindikatuari, ordainketak egiteko dituzten arazoak konponduko dituelakoan. Baina euskal sindikatuak dioenez, “UVESCO da arduraduna eta konplize, beraiek sartu digute enpresa hau etxean, eta egoeraren jabe dira”.
Oraingo honetan, langile askok apirileko ordainsaria ez dute oraindik jaso, eta denek dute maiatzekoa zorretan. Eta mobilizatzea erabaki dute. 'UVESCO ENTZUN, ZU ZERA ERRUDUN!' edo ‘UVESCO: TU SUBCONTRATA PRECARIZA Y ABARATA’ lelopean mobilizatu dira Irungo Landetxa-Kateako egoitza paskinez zikinduz. “Langile asko dira sindikatura etortzen direnak negar batean, ezin direlako hilabete bukaerara heltzen”, dio Etxanizek. Halere, langilegoaren perfilari buruz ohartarazi nahi izan du. Izan ere, sindikatura hurbiltzen diren gehienak “bertan errotutako langileak dira”. Diotenez, "atzerriko jatorria duen langilego feminizatua, eta kasu askotan arrazializatu asko dagoenez, haien babesgabetasunaz baliatzen ari dira" egoera prekario hau luzatzeko.
ELA sindikatuak gogor salatu du UVESCO taldeak bere supermerkatuetako produktu eta hornitzaileei buruz saltzen due "oso bertokoa" leloaren irudia baliatzen duten bitartean, DAI96 azpikontratako 150 garbitzaileri ez zaiela ordaintzen ari. Izan ere, gehienek apirila eta maiatzako soldaten esperoan badira ere, zenbaitzuk urtarriletik daramate kobratu gabe. Eta aurretik ere, nominaren erdia bakarrik jaso izan dute.