Arizkun Rock-eko azken edizioa ospatuko da ortzirale honetan

Antxeta Irratia 2023ko eka. 21a, 00:00

Eider Bidegainek eta Albaro Soulek nekea somatu dute azken urteetan, bien gain baitago soilik musika jaialdi osoaren antolaketa. Bederatzi urtez egon dira momentuko talde onenetakoak Arizkunera eramaten eta ziklo bat ixteko beharra ikusi dute.

“Hamar ken bat” izanen da aurtengo Arizkun Rockeko leloa, bederatzigarren edizioa izanen baita heldu den ortziralean, ekainaren 23an, ospatuko dena. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, momentuz azken edizioa ere izanen da. Horregatik, dagoeneko iragarria duten kartelaz gain, arratsean zehar sorpresaren bat egonen dela aitzindu dute.

Eider Bidegain da orain arte Arizkun Rocken antolaketaz arduratu den arizkundarretako bat. Bertzea Albaro Soule da eta bien artean soilik eraman dute aitzinera bederatzi urtez hagitz aditua izan den musika jaialdia. Hala ere, “lan zama handia” da horrelako ekitaldi bat antolatzea eta “nekea” ere somatu dute azken urteotan bi gazteek, Bidegainek adierazi duen moduan. Horregatik, eta herriko gazteak honi segida emateko prest ez zeudenez, ortzirale honetan azken edizioa egitea erabaki dute.

Edonola ere, Bidegainek erran duenez, momentuz ez dute “penarik sentitu”: “Ziklo baten itxiera naturala izan da guretzat. Oraingoz ez dugu penarik, baina ez dakigu ortziraletik aitzin zer gertatuko den. Gogoz gaude aurtengoaz disfrutatzeko”. Ateak irekita utzi ditu baita ere, hemendik urte batzuetara norbait animatzuko balitz jaialdia berreskuratzera, pozgarria izanen litzatekeelako.

Aurtengo edizioan, ohiko moduan, momentuan musikaren lehen lerroan dauden artistak izanen dira Arizkungo oholtza gainean. Andoni Ollokiegik irekiko du jaialdia, 19:00etan. Su piztearen ondotik berriz, Ibil Bedi talde nafarrak hartuko dio lekukoa, 23:00ak aldean. 1:15ean dagoeneko jaialdia ongi ezagutzen duen baztandarrak joko du, Olaia Inziartek, eta bukatzeko, Bines Katikok eskainiko du bere emanaldia.

Heldu den urtean jaialdirik ez egon arren, Eider Bidegain eta Albaro Soule bertze lan batzuetan murgilduta daude dagoeneko. Hainbertze urtez Arizkun Rock jaialdia antolatzen egon ondotik, esperientziak ez ezik, irudi mordoa ere pilatu dituzte eta horiekin guztiekin dokumental bat prestatzen ari dira 2024rako. 

Erlazionatuak

Arizkun Rock-eko azken edizioa ospatuko da ortzirale honetan

Antxeta Irratia 2023 eka 21 Behe Bidasoa