Digitalizazioa pedagogia hobetzeko izan dadin eskatu du Hezkuntzan Librezale taldeak, eta ez multinazionalen faboretan

Antxeta Irratia 2023ko eka. 20a, 00:00

Eusko Jaurlaritzak egin duen hezkuntza digitalizatzeko arrapostuaren aurrean, prozesua “gehiego pentsatu gabe” azkartu baino, helburuak argitzeko beharra nabarmendu du guraso eta irakasleek osatzen duen taldeak. Eusko Legebiltzarrean 25 proposamen egin ahal izan dituzte Hezkuntza Lege berria ontzerakoan, baina legebiltzarkideen %90ak adostutakoaren gainetik, Google multinazionalarekin hitzarmena izenpetu berri du Hezkuntza Sailak.

Ikasturtea amaituko dute bihar Irun eta Hondarribiko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle gehienek. Orotara 10.000 haur inguru dira, eta denek dute zerbait amankomunean. Hezkuntzaren digitalizazioak bete-betean harrapatu dituela. Pandemiak eragindako beharren ondorioz, azken urteetan nabarmen azkartu den fenomenoa izanik, ikasgela zein etxeko lanetan, tabletak eta ordenagailuak euren eguneroko jardunean ohiko tresna bilakatu dira, baita ikasgeletako arbela digitalak ere. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak berak iragarri zuen 2022ko apirilan, ikasturte honetarako LH5 mailatik DBH2 arteko ikasle bakoitzak ordenagailu portatil bana izango zuela ikasgelan “hezkuntza digitalizatzeko” helburuarekin.

Zentzu honetan, 2017an Euskal Herriko hainbat gurasok, irakaslek eta eragilek sortutako Hezkuntzan Librezale taldea arranguraturik azaldu da Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiekin. Eusko Legebiltzarrean 25 proposamen egiteko aukera izan dute gaiari lotutako legea ontzerakoan. Baina enpresa pribatu erraldoiek eskoletako digitalizazio prozesuetan duten presentzia geroz eta handiagoarekin kezka agertu dute. Bai sare publiko zein kontzertatuetan. Horren seinale, hilabete honetan Eusko Legebiltzarreko taldeen %90ak hezkuntza akordioaren testua onartu zuenetik egun gutxira, Hezkuntza Sailak bertan jasotakoari muzin egiten dion hitzarmena sinatu berri duela Google multinazionalarekin. 

Iñigo Gebara bidasotarra irakaslea da, eta 200 pertsona biltzen dituen Hezkuntzan Librezale taldeko kidea. Aipatu digunez, digitalizazio prozesua helburu jakinetan oinarritu beharrean, “gehiegi pentsatu gabe” egiten ari dira hezkuntza agintariek. “Teknologia eta berrikuntzak bere kabuz pedagogiari onurak ekartzen dizkionik zalantzan jarri beharra dago, digitalizazioak helburu jakin bat behar du izan, zerbaitetarako tresna, eta ez helburu bat funtsean”, dio irakasleak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamendutik apustu irmoa egin du digitaliazioan. Hainbat irakasle postu liberatu ditu EAE mailan, ikastetxeetako digitalizazio prozesuan sakontzeko. Irungo eskola publikoen sarean, adibidez, bi irakasle ari dira horretan lanean, eskola bakoitzak duen digitaliazio mailaren baitan, norbere abiaduraren baitan horren garatzeko.

Baina Hezkuntzan Librezale taldeko kideek argi dute digitalizazioaren etikari dagokionez ere, “asko dagoela hausnartu eta hobetzeko”. Hala, Microsoft edo Google bezalako multinazionalen aldeko apostua egin beharrean, Linux bezalako sistema operatibo alternatiboa planteatu dutenean, zailtasunak topatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren partetik. “Inertziak apurtzeko ahaleginetan ari gara”, dio Iñigo Gebarak. Hondarribian, adibidez, Talaia eskolan ‘Lugorri’ sistema operatiboa plantan eman dutela aipatu digu. Nolanahi ere, halako sistema operatiboak “gardenagoak” direla dio, datuen-pribazitatearen aldetik zein kudeaketarako ere. Eta Euskal Herrian euskaraz ikasten dela kontuan hartuta, Linux-ek gailuak euskaratzeko erraztasunak ematen dituela oroitarazten dute.

Hezkuntzan Librezale taldeari buruz informatu edo haiekin harremanetan sartzeko: hezkuntza.librezale.eus eta hezkuntza@librezale.eus e-posta.