Orain dela 75 urte iritsi ziren herrira bi erraldoiak eta hori ospatzeko, Lesakako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak ekitaldiz betetako urtea prestatu du.
Lesakako erraldoiek 75 urte bete dituzte aurten. Zehazki, orain dela 75 urte ailegatu ziren herrira eta geroztik, San Ferminetako kalejiran atera dira buruhaundien eta haurren laguntzarekin. Hala ere, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa berria da oraindik Lesakan. Bospasei urte joan dira lehen aldiz taldea elkartu eta dantzak entseatzen hasi zenetik eta dagoeneko herriko bestetakoa ez da egiten duten ateraldi bakarra.
Hamar bat lagun elkartu ziren orain dela urte batzuk, euren seme-alaben zaletasunari segika. Erraldoien kantak gustukoak zituztela ikusirik, eta herrikoei bizi gehiago emateko gogoz, dantzak entseatzen hasi ziren, baita berri batzuk ikasten ere. Horrela, San Ferminetan ez ezik, bertze herrietako bestetan parte hartzen hasi ziren Lesakako erraldoiak. Erriberrira joan ziren lehenbizi eta ondotik, eskualdeko bertze hainbat herritara bisita egina dute.
Aurten 75 urte beteko dira Fernando eta Isabel erraldoiak Lesakara ailegatu zirela. Kasualidadez, Harriondoa Kultur Etxea ere bere hamargarren urteurrena ospatzen ari dira. Honen harira, Udalak eta Sorginxulo kultur elkarteak “10 urte, 11 dinamika” egitasmoa paratu dute martxan eta tartean, konpartsarekin batera, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren Eguna ospatuko dute. Irailaren 9an izanen da eta egun osoko egitaraua prestatzen ari dira. Horren aitzinetik, hala ere, bertze hainbat ekimen egin dituzte, bertzeak bertze, Lesakako komertzioek emandako produktuekin bi saski ederren zozketa.