Udaleku «eko-aktiboak» eskainiko dituzte Plaiaundiko hezegunean dohainik

Antxeta Irratia 2023ko eka. 20a, 00:00

Txingudi Ekoetxeak naturarekin harremanetan eta Plaiaundiko hezegunean murgiltzeko udalekuak antolatu ditu dohainik Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 7 eta 12 urte bitarteko zazpi txanda proposatzen dituzte uztaila eta abuztuan, goizeko 10:00etatik 13:30ra. Ingurumen teknikariek landutako jarduera programa osagarriarekin udaleku ekoaktiboak direla esan daiteke.

Oraindik ere udako haurren oporraldi eta aisialdi denborak antolatu ez dituzten familientzat, aukera paregabea eskaintzen du Txingudi Ekoetxeak Plaiaundin. Naturan, euskaraz eta dohainik proposatzen dituzten jarduerei esker, naturaren esploratzaile, babesle eta ekintzaile izateko urratsak eta gaitasunak irakatsiko dizkiete parte hartuko duten 7 eta 12 urte bitarteko Txingudiko haurrei.

Eva Montoia, Txingudi Ekoetxeko teknikaria azaldu digunez, berez eskualdeko haurrei zuzendutako eskaintza bada ere, aurreko urteetan Oarso aldetik ere parte hartu dute. Izan ere, hirugarren urtea da udaleku ireki hauek antolatzen dituztela, nahiko ezezagunak badira ere. Proposamena, esan bezala, haur bakoitzak naturan murgildu, arduratu eta haren defentsarako ekintzaile bilakatzeko pentsatua dago. “Egokiena litzateke haurrek hiru asteetan zehar aritzea, baina ulertzen dugu familien oporraldien arabera ez dela beti posible”, dio Montoyak.

Jarduera guztiak euskaraz burutuko dituzte, eta ingurumenean adituak diren teknikari eta begiraleekin. Interesa duen orok www.ekoetxea.eus atarian sartu besterik ez du egin behar. Lehenbailehen, kitorik izanik plazak aitaren batean bete ohi baitira.  

Erlazionatuak