Frantziako Tourraren historia mailloten garapenaren eskutik ezagutzeko erakusketa Arma Plazan

Antxeta Irratia 2023ko eka. 19a, 00:00

Uztailaren 2an Jaizkibel Guadalupetik igota Le Tour Hondarribia zeharkatuko duela aitzakia hartuta, pandemia baino lehen buruan zuen erakusketa antolatu du Jon Etxebeste ‘Boina’ hondarribitarrak Arma Plazan. Astelehen honetan estreinatu eta uztailaren 9a arte, Frantziako Tourraren maillot edo ator historikoen erakusketa izango da ikusgai goiko solairuan.

Txirrindularitza zale amorratua izanik, 430 bat mailloteko bilduma du etxean. Eta bestelako material, bideo eta bitxikeriekin osatuko du erakusketa, 70. hamarkadaz geroztik Frantziako Tourrak ez ezik, txirrindularitzaren materialak izan duen garapenaren berri emateko. Maillotei dagokienez, kotoizkoak izatetik gaur egungo punta-puntako teknologiaz egindakoak izatera iragan dira, eta horren berri emango du erakusketaren panoetako batek. Bestalde, Le Tour bere historian Euskal Herritik iragan den uneak oroitarazteko. Etxebestek gogoratzen duenez, “hastapeneko hamarkadetan Baionara-Miarritzera ia urtero iristen zen, gero Donostian lehen aldiz 1949an eta 1992an ere, 1957an Gasteizen eta 1998an Iruñeara. Azkena, aldiz, 2018ko Senpere-Ezpeleta erlojupekoa izan zen”.

Etxebestek berak aitortu digunez, “sekulako aukera da hitzordu honi esker Hondarribia mundu osoan ikusiko baita”. Eta tropelak Jaizkibel Guadalupetik igotzen duela aurrenekoa aldia denez, jende bailara bilduko da mendian egunaz gozatzeko. Bera tartean. Baina erakusketaren harira ere, Arma Plazan orduak emango ditu. Izan ere, Jon Etxebeste bertan izango da zenbait ordutegietan bisita gidatuak eskaintzeko ere.