National Geographic-eko argazkilarien edota Frantziako Arte Ederretako saridunen eskutik, Inpackt festibalaren argazkirik “ikusgarrienak” izanen dira Urruñako Posta gelan eta hiribarneko kale-erakusketan ekainaren 23tik agorrilaren 30era.
2022ko Frantziako Arte Ederretako Akademiaren saria eskuratu duen Pascal Maitre (National Geographic) argazkilariaren ‘Peuls du Sahels’ erakusketa estreinatuko dute Urruñako Posta gelan ekainaren 23 honetan. Hazkunde demografikoa eta etnien arteko gatazkak ditu ikusmiran. Honekin batera, uda osoan zehar, aldaketa klimatikoaren ondorioetaz jabetu eta hausnartzeko aukera emango duen Inpackt Argazki Festibalaren lanik onenak ikusgai izanen dira herrian.
Posta gelan ez ezik, hiribarneko kale eta txoko desberdinetan ere formatu handian topatu ahalko ditugu argazkiak agorrilaren 30a arte. Eta gai desberdinak jorratzen dituzten lanak izanik ere, “aldaketa klimatikoaren ondorioak” dituzte gida-lerro. Hala, Tim Flag ingelesaren ‘In dangered species’ obrak arriskuan diren animali espezieen desagertzea eta gizakia aztertzen du. William Danielsen argazkiek, aldiz, klimak Frantzian duen inpaktua aztertzen dituzte azken urteotako sute, ur-goititze edota hondamendi handiekin batera. Bestalde, Geromine Derinique argazkilariak trantsizio ekologikoaren begirada baikorragoa eskainiko du.