Aldaketa historikoa Hondarribian, eta Irunen iraunkortasun marka historikoak apurtuz bide beretik

Antxeta Irratia 2023ko eka. 19a, 00:00

“Ez gaitzazue bakarrik utzi jauregi honetan, mesedez” esaldiarekin Igor Enparanek Hondarribiko aldaketa historikoaren erronka herrigintzan oinarritzeko adierazi intentzioetatik, “munduko okupaziorik onenean” Irungo alkate gisa seigarren agintaldia beteko duen Santanoren jarraipen bidera.

Larunbatekoa egun historikoa izan zen eskualdean. Maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzen arabera, Irunen zein Hondarribian zerrenda bozkatuenak errespetatu dituzte joko politikoek, eta haiek hartu zuten aginte-makila, baina oso aldarte desberdinetan. Irunen, gutxiengoan eta sozialisten 10 hautetsien babes soilarekin, Jose Antonio Santano alkateak bere seigarren agintaldia abiatu duen bitartean, Hondarribian, 28 urtez EAJ agintean izan ondotik Abotsanitzek hartu bait du lekukoa.

Hondarribia ezkerrera

“Bai, hitz ematen dut alkate karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko ditudala Euskal Herriak onartu ez zuen araubide batek hala behartuta”, zin egin zuen Igor Enparan Aranetak Hondarribiko alkate kargua larunbatean txalo, oihu eta irrintzi artean. Aldaketak ilusioa piztu duela agerikoa geratu zen jendez gainezka zen udal areto nagusian, baita kanpoan bildutako jende bailara ikusita ere. Gainerako talde politikoei eman zien lehen hitza alkate berriak. Haien artean, EH Bilduko Garoa Lekuonari. Koalizio subiranistaren bi hautetsien babesari esker izendatu baita alkate. Eta Garoa Lekuonak berak aldaketa historikotzat eman du: “aldaketa da gaur hemen ikusten duguna, aldaketa honekin pozik gaude”, nabarmendu zuen, “izan ere, hondarribiarrek ezkerrera jotzea erabaki dute, 17 zinegotzitik 11k ezkerreko begirada dugu, eta 9k ezkerrekoa, euskalduna eta alarde publiko eta parekidearen aldekoa. Historikoa”.

Era berean, bi asteotan herrian jendearengan sortu izan diren zalantzak baztertu nahian, Abotsanitzen alkatetza babestu eta gero, EH Bildu aldaketak iraun dezan ere elkarlanerako eta kudeaketarako prest dagoela iragarriz. “Gaurko eratze plenoan irudikatzen den errealitate honek iraun dezan nahi dugu, benetako norabide aldaketa bat izan dadin, eta ez lau urte ondoren berriz ere abiatze puntura iristeko ziaboga bat, horregatik gure jarrera eraikitzailea izango da”, iragarri du XXI. mendeko politikekin herriak pilatuak dituen arazoei erantzuteko EH Bilduk kudeatzeko gaitasuna duela frogatua dagoela iragarriz.

Igor Enparan Araneta alkate berriak bere partetik, intentzio adierazpen garbia egin du bere lehen hitzartzean. Ez du inor atzean utziko. “Gaur hasiko dudan ibilbide honetan nire aliantza herritarrekiko izango da. Hondarbitar guztiak aintzat hartuko ditut, ezberdin pentsatu, ezberdin sentitu, ezberdin sinistu, ezberdin maitatu eta ezberdin bizita ere”, argitu du “herrian bizi eta lan egin ahal izatea eskubide bat” dela sinetsita, inork bere borondatearen kontra herria utzi behar izan ez dezan gogor lan egingo duela hitz eman du. Udalaren kudeaketa ezin duela errentagarritasuna izan nabarmendu du alkateak, oraingo eta etorkizuneko beharrak asetu baizik. Eta zentzu horretan “benetako berdintasuna eta elkartasuna” bultzatuko dituela.

Horretarako, gobernatza-eredu berri bat plantan emango duela iragarri du Abotsanitzeko alkateak. Udaletxeko ateak denei ireki eta instituzioek galdutako zilegitasuna berreskuratzeko erronka, herrigintzan ezarri baitu. “Lan hauek guztiak jorratzeko, guztion elkar lankidetza beharko dut udalkide eta udal langile guztiena, baina baita herriko eragileena ere, eta zergatik ez norbanakoena ere. Ez gaitzazue bakarrik utzi jauregi honetan mesedez”.

Irunen gobernagarritasuna argitzeke

Irunen, aldiz, Jose Antonio Santano Clavero sozialistak eta Oihana Briones Aramendik EH Bilduko hautagaiak aurkeztu zuten euren burua alkatetzara. 10 bozka, sozialistak denak, lortu zituen Santanok. Eta bitxikeria izan daiteke, baina esanguratsua, EH Bilduko hautagaiak 6 bozka jaso zituela. Bere lau hautetsiena ez ezik, Elkarrekin Podemoseko bi ordezkariena. Gogoan hartu behar baita, azken agintaldia gobernu-koalizioan izan direla sozialistekin.

Nolanahi ere, agintaldi berrian gobernagarritasuna akordio puntualekin bideratu beharko du momentuz PSEk Irunen. Izan ere, EAJrekin udal gobernuak osatzeko eta alkatetzak ahalbidetzeko EAEn duten akordioa kari, jeltzaleek zuri bozkatuz Santanok aginte-makila eskuratzea erraztu badute ere, ikusteke dago oraindik udal gobernua eratzeko akordioa lortuko ote duten.

Jose Antonio Santanok demokraziako 12 legealdietatik seigarrena beteko du alkate gisa. Eta ilusioa eta irundarren alde lan egiteko gogorik ez duela falta nabarmendu zuen aginte-makilaren hitzartzean, euskaraz eta gazteleraz, emozio handiz, eta “Irungo alkate izatea, munduko okupaziorik onena” delako eskertuta.