Zuhaitzen itzala zegoen lekuan asfaltoa garaile

Antxeta Irratia 2023ko eka. 16a, 00:00

2020ko irailan Artiako Lagunak taldeak iragarri zuen “zuhaitzen hilerria” bete egin da Blaiako ibilbidean. Kanposantuaren maldako lizarrak arriskuan zeudela ohartarazi zuen, eta kalea berritzeko proposamena aurkeztu zion Irungo Udalari, baina ondoko obretan asfaltoa inposatu da.

Zuhaitzak akatzeko epe luzeko estrategia erabiltzen duela leporatzen dio Artiako Lagunak taldeak Irungo Udalari. Ez da lehen aldia haien defentsan mobilizatu behar izan dela. Artiako Juan Thalamas Labandibarreko ezkiak atxikitzea lortu bazuten ere, Gazteluzaharren egindako 40 plazako aparkalekuan, aldiz, zenbait arbola “ezinbestean” kendu behar izan zituen udalak, urtero zuhaitz gehiago landatzen dituelako aitzakipean. “Iaz 115 landatu dituztela diote, baina ez dute esaten zenbat akatzen dituzten, defizita ematen da urtero”, kexu da Alazne Izulain Artiako laguna.

Zentzu honetan, SOS Territorios erakundeak ‘Espainiako Alkate Arborizidaren Sari’ sinbolikoa eman dio Jose Antonio Santanori, Irunen hiriguneko zuhaitzekin duen begirune eskaxa salatu nahian. Estatu mailan bozka gehien jaso duen alkatea da. Hauteskunde kanpaina bete-betean Irunen 15.000 zuhaitz daudela harro nabarmendu zuen Santanok berak Antxeta Irratian. Baina Anakako zaharberritze lanetan bezala, egunotan berritzen ari diren Blaiako ibilbidean ere, hilerriko maldaren kasuan, zuhaitz zaharrak ezabatu eta asfaltozko espaloi hutsengatik ordezkatu izana leporatzen dio Artiako Lagunak taldeak.

Alazne Izulainek dioenez, "obrak egiteko kentzen dituzte zuhaitzak, baina aldez aurretik piskanaka ito egiten dituzte, espaloi eta asfaltoen bitartez, eta kimaketa basatiak eginez. Zuhaitzak gaixotu eta argudio horrekin banan-banan kentzen doaz", dio. Blaiako maldan 4 lizar handi bizirauten zuten 2020ean, eta aipatutako berritze lanak egiten hasi dituztenean zutik jarraitzen zuen bakarra kendu dute urte hasieran.

Artiako Lagunak taldeak hau sahiestu nahian obra proposamen zehatz bat luzatu zion udalari aspaldi. “Auzoko autobusak jarraitzen duen logika jarraituz, errail bakarra ezarri, igotzeko norantzan, eta auzotik ateratzeko Cesar Figueridotik bideratu, horrekin espaloia zabaldu eta zuhaitzei leku emateko aukera paregabea zegoen”, azaldu digu. Baina udalak ez die kasurik egin, eta etorkizunera begira egoera okertuko dela iragarri du Izulainek. Hegoaldeko ingurabidearen bigarren fasea Blaiako ibilbide honetan amaitzen da, eta tunel batekin Zaisa lotuko dute. Bertan etxebizitza promozio bat ere hasiko dute, beraz, zirkulazio gehiago, errepide eta etxe gehiago egongo da, baina zuhaitzarik ez”. Europako irizpideen arabera, biztanle bakotseko bost zuhaitz behar dira hiriguneetan. Irunen 15.000 zuhaitz daude eta 62.000 biztanle, zuhaitz bana lau irundarrentzat, “agerikoa da ez dela aski” Izulainen ustetan.

Bidasoa ibaian isuriak

Bestalde, Artiako Lagunak taldetik kezka adierazi nahi izan dute ere, Bidasoa ibaiaren kutsadura isuriekin. Bazterrak legor diren garai hauetan, euri zaparrada handiak ematen diren bakoitzean, Artiako Arenas Carrilo parean dagoen estoldatik ur-zikinen isuri handiak identifikatu dituzte auzotarrek. Gaur bideo bat ere plazaratu dute sare sozialetan, joan den ekainaren 13an emandako azken isuriak salatuz. Eusko Jaurlaritzako URA Agentziak isuri hauek iker ditzala galdegiten dute. “Bizilagun asko dira etxetik ibaian gasoil mantxak ikusi ohi dituztenak, txapapote modukoak, eta ur-zikinen isuriak ere, ezin dugu onartu Bidasoa horrela kutsatzea”, adierazi du Artiako Lagunak taldeko kideak.

Oroitarazi beharra dago, eskualdean Bidasoa ibaia eta bere adarretan isuri susmagarri eta ur-zikinen kutsadurak ohikoak bilakatu direla azken aldian. Artia-Behobia inguruetan ez ezik, Ibarlako errekastoan ura urdindua azaldu da negu honetan, eta antzeko salaketak egin izan ditu Eguzki talde ekologistak ere, Santiagotarrak-eko bidegorri aurreko kanalean edota Mendelu auzoaren atzealdean ere.  

Erlazionatuak

Zuhaitzen itzala zegoen lekuan asfaltoa garaile

Antxeta Irratia 2023 eka 16 Behe Bidasoa

Zuhaitzen itzala zegoen lekuan asfaltoa garaile

Antxeta Irratia 2023 eka 16 Behe Bidasoa