«Hondarribia ezkerrera biratzeko pausoak sendotzeko prozesua da garrantzitsuena, aldaketak iraun dezan»

Antxeta Irratia 2023ko eka. 15a, 00:00

Ekainaren 17an Igor Enparan Aranetak (Abotsanitz) hartuko du alkate aginte makila goizeko 11:00etan Hondarribiko udal areto nagusian ospatuko den inbestidura edo kargu-hartze ekitaldian. Hondarribiko EH Bilduko bi hautetsiek Abotsanitzeko hautagaia alkate izendatzearen alde bozkatuko baitute.

Garoa Lekuona Izeta, koalizio subiranistaren bozeramalea izan dugu gaur Goizeko Kafean gonbidatu. Eta atzo iragarri genuen bezala, EH Bilduko herri batzarrak “aldaketa historiko baten alde” egiteko erabakia hartuta, 28 urtez EAJ agintean egon ondotik, Igor Enparan alkate izendatuko dute EH Bilduren bi hautetsien bozkari esker. Garoa Lekuonak aitortu duenez, “panorama guztiz aldatuta” bi hautetsirekin EH Bildu “giltzarri” bilakatuko da Hondarribian emango diren aldaketa horietan guztietan.

Aldaketak iraun dezan elkarlana

Abotsanitzek gobernua elkarrekin eratzeko eskaintza luzatu die. Halere, herriko politikak ezkerrera egitea ezinbestekotzat jota, eta erakundeen formalismoek epeak markatzen dituztela jakitun bada ere, aldaketaren pausoak sendo emateko prozesuari eman nahi dio EH Bilduk garrantzia. Garoa Lekuonak herrigintzan oinarritu nahi du eraldaketa hori, eta ez du presarik. “Guk garrantzia ematen diogu prozesuari, gainera esku-lotuen kultura zaharkitua geratu da gaur egun. Ni ezkondua nago eta aldi berean aske naiz".

Zentzu horretan, "prozesuak esango digu noraino iristen den gure arteko elkarlana”, argitu du. Izan ere, 4 urte daude aurretik aldaketa gauzatzeko. “Baina herritar askok aldaketa iraun dezan nahi dute, eta herri berri bat eraikitzeko bidean pausoz-pauso etorriko da etorri beharko duena”, iragartzen du. Argi du halere, “maratoi bat dela, eta zenbat eta kilometro gehiago elkarrekin hobe”. Abotsanitz eta EH Bilduren herri-programek %80 batean amankomunean gehiago dutela desberdintasunak baino aitortuta, “bidea oinez egiten dela” azpimarratzen du Lekuonak. “Baina ez Abotsanitzekin bakarrik, agintaldi honetan 11 zinegotzi izango gara ezkerreko begirada daukagunak herrian, eta herria egiteko beste modu horretan hor egongo gara”.

Aldaketak-aldaketa, eta alderdien arteko akordioen baitan, euren ardatz eta helburu asko gauzatzeko eta “ezkerreko politiken bitartez herri desberdin bat eraikitzeko inoiz baino baldintza hobeagoetan” daudela argitu du Lekuonak, hauteskunde kanpainan euren herri programaren leloa ere, ‘Aldaketa Ilusiotik’ izan zela oroitaraziz.

Aldaketaren lehentasunak zertan

Lehentasunak ere argi ditu EH Bilduko bozeramaleak. “Legealdian eta herriaren etorkizunerako estrategikoa den HAPOa berrikusi beharra dago, aldaketa klimatikoan nola posizionatzen garen argitu, Berdintasun arloa eratu, euskarari edota Asturiagako segadaren 50. urtemugaren memoriari merezi duen lekua ematea, eta noski, alardearen auzia konpontzeko agintaldia behar du izan”, azpimarratu du Garoa Lekuonak.

Izan ere, konponbidearen legealdia beharko luke alardearen auziari dagokionez. Irailaren 8 honetan alkate berria izango den Igor Enparanek iragarri duen Jaizkibel konpainiari harrera egiteko keinu sinbolikoaren ondotik, “irailaren 9tik aurrera sukaldeko lana hasi beharko dugu” aldarrikatu du Garoak. “Aurretik 4 alarde segurtatuta ditugu momentuz, konponbide hori gauzagarri egin, jauzia eta aldaketa irudikatzeko”.