Irandatz igerilekua betirako itxi dute, Hendaia bi urtez piszinarik gabe utzita

Antxeta Irratia 2023ko eka. 15a, 00:00

Ekainaren 7an emandako azken kloro isurien ezbeharren ondotik, erabiltzaileen osasun segurtasuna ezin bermatuta hartu du erabakia herriko etxeak. Abonamenduen ordainketak itzuliko ditu. 2024an eraikitzen hasiko diren proiektu berriaren esperoan, eskola sartzean haur hendaiarrek Irungo kiroldegiak baliatuko dituzte.

Ez da erabateko ezustekoa izan hendaiarrentzat. 1975eko igerilekua zaharkitua geratu baita, eta berez, urte bukaeran ala 2024ko hasieran hasiko dituzte 10M€ko inbertsioa eskatuko duen piszina berriaren eraikuntza lanak. Halere, ezbehar teknikoen ondorioz, nahi baino lehenago itxi behar izan dute betirako. Eta Herriko Etxeak jakinarazi duenez, abonamenduen ordainketak itzultzeko prozedura abian jarriko du orain.

Igerileku berriaren proiektua herriko kontseiluak onartu zuen orduko, Richard Irazusta auzapezordeak Antxeta Irratian iragarri zuen “bi urtez piszinarik gabe” iragan beharko zutela hendaiarrek. Aldiz, aipatutako segurtasun arazoak direla eta, kirol instalazio honen itxiera aurreratu behar izan dute.

Eskualdeko elkartasuna ahalen arabera

Dena dela, alternatibak bilatu dituzte. Gutxienez heldu den iraileko eskola sartzerako eskolartekoen igeriketa ikastaroentzat. 2025 urte bukaera arte, lanak dirauten 18 hilabetez, Hendaiako haurren igeriketa ikastaroak Irungo AzkenPortu eta Artaleku kiroldegietan egiteko hitzarmena lortu baitu Hendaiako herriak Irungo Udalarekin.

Irandatzeko igerilekua punta-puntakoa izan zen bere garaian. Hondarribian kiroldegirik ez zegoen urteetan eta Irungo Artaleku martxan jarri zen artean, irundar eta hondarribitar askok jo izan zuten Hendaiara igeri egiten ikasteko. Erreferentziazko igerilekua baitzen. 

Tournesol igerilekua

Irandatz igerilekuak hastapenetik piztu zuen ikusmina. Neguan itxita, aro onarekin bere kupula formako sabaia ireki bait daiteke. Bere garaian berritasuna ekarri bazuen ere, ez da bere leinuko bakarra. Frantses estatuan halako 186 igerileku bixki eraiki zituzten 70. hamarkadan. 1970-1980an hainbat haur udako sasoian ito egin zirela ikusirik, igeriketa denen eskura jartzeko xedez, Frantziako Plan Nazional bat bultzatu zuen gobernuak eskoletan ikastaroak kitorik eskaini ahal izateko 1.000 igerileku eraiki zituzten frantses estatu osoan. Thémis Constantinidis ingeniariak «Tournesol» modelo zehatz hontako 186 eraiki zituen, eta horietariko bat da Irandatzekoa. Datozen hilabeteetan eraitsiko dute proiektu berria eraikitzeko.  

Erlazionatuak