Hendaiako Gure Ikastola sustengatzeko eta ospatzeko eguna antolatu dute larunbatean

Antxeta Irratia 2023ko eka. 15a, 00:00

Ongile kanpaina aurkezteko profitatuko dute eguna. Goizeko 11:00etan taberna ireki, eta haurren kantu-dantza agerraldien ondotik, ikastola sustengatzeko bazkaria antolatu dute hiri-barneko Gaztelu aretoan. Arratsaldean, Akelarreko dantzariak, jolas eta animazioak proposatuko dituzte.

Lehen helburua haurrentzako besta antolatzea izanik ere, gurasoen arteko kohesioa bultzatzea ere bada. Eta aldi berean, hilabeteotan martxan jarri duten Ongile kanpaina aurkezteko. “Ikastolaren biziraupenerako sustengu ekonomikoa beharrezkoa da”, dio Hegoak, “azken urteetan sortze-tasaren ondorioz haur kopurua apaldu baita, eta elkarte bat garen heinean diru-iturrien orekatzeko bestak antolatu ohi ditugu”, argitu du. Halere, hori ez da aski, eta enpresa, saltoki eta euskararen alde diren edota ikasle ohiak diren partikularrei deia luzatu diete laguntza ekonomikoa eman dezaten. Erantzuna baikorra izaten ari delako pozik dira, baina kanpaina hasi besterik ez da egin.

Hala, ikastolakoak izateaz harro daudela erakutsi eta ospatzeko, ikastolaren eguna antolatu dute ekainaren 17an. Ospakizun honetarako egun osoko egitaraua prestatu dute goizeko 11.00etatik aitzina, haur jolasak, karaokea, musika eta animazio hainbatekin batera. Besta idekia dela oroitarazi dute.

Ikastolaren bizirauteko borroka

1971ko irailaren 1ean haur hendaiarrak euskalduntzen hasteko erronkari prekarioan ekin zionetik mende erdi luze iragan da. Kolore guzitakoak ikusi dituzte ikastolako ikasle, guraso eta irakasle belaunaldi desberdinek. Egoitza aldaketak egonkortu ondotik, joan den 2016ean Gure Ikastolak 270 ikasleen langa gainditzera heldu zelarik, Irandatz eta Pausuko egitura prekarioetan espazio premia gorriari erantzuteko Hendaiako Herriko Etxearekin hitzarmena lortu zuen 10 urteko borroka luze baten ondotik, Gaztelu Zaharreko eskolan bigarren zentroa instalatu ahal izateko. Orduz geroztik, matrikulazioa hein bat apaldu da jaiotze-tasaren ttipitzearen ondorioz. Baina ikastolaren beharrak eta gurasoen kuraia bere horretan jarraitzen dute. 

Erlazionatuak