Herriko arrantzaleen hiztegia jasotzeko lanetan, Mariñel itsasontziaren zatien izenak adierazten dituen kalitate handiko posterra plazaratu du Arma Plazak, herriko egurrezko azken legazketaria eta itsas ondarea balioan jarri nahian.
Arma Plaza Fundazioak Mariñel itsasontziaren posterra aurkeztu berri du. SUSTRAIAko kideekin batera Luis Ruiz Padron arkitektoaren marrazkian, egurrezko azken legatz arrantzontziaren zati eta piezen izendapena adierazten du posterrak. Bi hizkuntzetan argitaratu dute, eta herriko arrantzaleen hiztegiak suposatzen duen altxorra biltzen saiatu da, Marinel barkua balioan jarriaz. Lan hau osatzeko Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiak eta Eusko Jaurlaratzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza ekonomikoa jaso dute. Eta aipatutako hiztegia zehazteko Gregorio Kanpandegi, Mariñel itsasontziko patroi ohiaren eta Inaxio Olaziregiren laguntza jaso du margolariak. Herriko Olaziregi azken ontziolaren jabeak eskarmentu handia du, eta aitortu duenez, badira zenbait hitz galzorian direnak, “egungo barkuak txapa eta poliesterrez eginak daude, eta ez dira gauza bera”.
Sustraia taldeak herriko paisaiaren parte bilakatu den Mariñel itsasontziak suposatzen duen altxorra nabarmendu du. 1985Ean Muruaga ontziolan eraikia, erretiratu ondotik, 2012an berreskuratu eta Bermeotik ekarritako karro baraderoan Benta Zaharrean ezarri zuten. Orduz geroztik, arrantzontziko ontzigaina, kroskoa, gila, karelak, eskebenteak eta korasta zaharberritzeko lanak burutu izan dituzte. Aldiz, konponketa lan handiak egin badira ere, ez dute bisitagarri egitea lortu ahal izan. Herriko itsas ondareari balioa emateko, jendeak hau ezagutu eta bisitak antolatzea dute hurrengo helburuen artean.
Haere, Inaxio Olaziregik aitortu duenez, une honetan premia handiena karroa bera berritzea da. Izan ere, itsaso eta denboraren poderioz itsasontzia itsekitzen duten burnizko egiturak erdoilak jota daude une honetan. Irailetik aurrera ekin nahi diote lan hauei, baita Mariñel ontzia bera mantentzeko lanekin jarraitu ere. “Arrantzontzia egurrezkoa izanik itsasoan gesalak mantentzen du, baina legorrean azkarrago usteltzen da, eta mantenu lanak eskatzen ditu”, argitu du Olaziregik.
Aipatutako posterra salgai dago Arma Plazan 5€ko prezioan, baita online ere, www.armaplaza-denda.eus