Kooperatibismoaren eskualdeko argazkia egin du BDS Koopek `Bidasoan Kooperatuz´ sariei esker

Antxeta Irratia 2023ko eka. 13a, 00:00

Orotara, 216 kooperatiba eta lan sozietate daude Irun eta Hondarribian (21 dira Hondarribian, 195 Irunen) eta horietariko gehienak txikiak dira. Lehen sektorea eskualdean anekdotikoa den bitartean, kooperatiben erdia zerbitzuen sektorekoa da. Eta eskualdeko ekonomian baino pisu handiago du lan harreman eredu honek industriaren sektorean.

BDS Koop eraldaketa fabrikak 'Bidasoa Kooperatuz' sariak banatu ditu ekaina hasieran. Kooperatibaren funtzionamenduan Izaera Demokratikoaren saria INDAR 3D kooperatibak eskuratu du. Pandemia garaian 3D inprimagailuen beharrari erantzuteko sortu zen proiektua. Bestalde, Komunitate eta beste Kooperatibekiko Lankidetza eta Interesaren saria Conatec lan sozietateak irabazi du. Kontrolerako gailuak ekoizten ditu, eta ohiko enpresa zelarik zailtasunetan sartu zenean, 30 bat langileek proiektua bere gain hartzeko erabakia hartu zuten aurrera egiteko.

Baina langile kopuru hori ez da ohikoena gure eskualdean. Aipatutako sarien antolaketari esker, BDSKoopek hainbat ondorio atera ahal izan ditu ere. Irun-Hondarribiko kooperatibismoaren argazkia osatu baitu. Guztira, 216 kooperatiba eta lan sozietate daude Irun eta Hondarribian (21 dira Hondarribian, 195 Irunen) eta horietako asko txikiak dira. Eskualdeko ekonomia sektoreen irudikoa da, zerbitzuetan oinarrituta, baina industriak ere ororen laurden bat suposatzen duelarik. Dornaku Lantz Solbes, BDS Koopeko proiektuen arduradunak dioenez, “zerbitzuen sektorean oinarrituta daude kooperatiben erdia eskualdean, baina denda edo ostatu batean aski dira bi pertsona kooperatiba eratzeko, eta proiektu txikiak dira gehienak”. Ostalaritzan, adibidez, Irungo Muro taberna kooperatibaren eredu den bitartean, pentsa daitekeenaren kontra, lehen sektorea da ahulena. Sektore gisa, baita kooperatiben ikuspegitik ere. Baserritarrak hornitzen dituen Nekazarien Etxearekn batera, bi kooperatiba besterik ez baitaude. “Gure eskualdean nekazaritzaren presentzia anekdotikoa da, famili ekoizpen txikiak besterik ez, eta bada kooperatiba eredutik garatzeko aukera handia”, dio Lantzek.

Industriaren sektorekoak dira lan sozietate eta kooperatiben %25a. Izan ere, hasierako inbertsio handia eskatzen duten proiektuetan kooperatibismotik “lan harreman horizontalak eta elkarlana sustatzeaz gain, beste modu batean ezinezkoak liratekeen proiektuak aurrera eraman daitezke inbertsioak, irabaziak zein galerak modu solidarioan partekatuz”. Nolanahi ere, 5 bidasotarretik 1 autonomoa dela nabarmendu du, gremioetakoak gehienak, eta bide horretatik ere asko dago garatzeko.

Zentzu honetan, egoera iraultzeko eta kooperatibismoa garatu zein proiektuen arteko lankidetza bultzatu nahian, hainbat foro antolatu ditu aurten BDS Koopek. Eta Bidasoa Kooperatuz sarien kasuan, bi urtean behin antolatzeko asmoa iragarri dute eraldaketa fabrikatik.