Jende gehien bilduko den jaigune eta hitzorduetan Puntu Moreak ezarriko dituzte, eta eraso baten biktima sentitzen den ororentzako Telefono Morea aktibatu egingo dute jaietan egunero 17:00etatik aurrera.
Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak ate joka ditugula, aurten Irunen sexu-eraso eta indarkeria matxista kasuek %16 gora egin dutela ikusirik, Udaleko Berdintasun arloak indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzio protokoloa eta sentsibilizazio kanpaina aurkeztu berri du. Are gehiago jakinda iaz gutxienez 3 sexu-eraso eman zirela sanmartzialetan.
Herritarrak konzientziatzeko protokoloak ostatu eta leku publikoetan presente izango dira. Ostatu atarietan kanpainaren pegatina, protokoloaren A3 formatoko kopiak begibistan eta 150.000 tabernako serbileta. Sare sozialetan ere kanpaina komunikatibo oso bat martxan jartzearekin batera, halere, indar berezi bat egin nahi izan dute balizko biktimak artatzeko zerbitzuetan.
Gune seguruak eta artatzeko zerbitzuak
Miren Etxebeste, Udaleko Berdintasun arloko ordezkariak argitu duenez, “erasotua sentitu den edonor, erasotua izan delakoa da, eta ez du zalantzarik euki behar laguntza eskatzeko, bai bakarrik delako bai”. Eta laguntza eskatzeko bideak erraztu nahian, iaz abian jarritako Telefono Morea haien zerbitzura izango da. 607 07 02 02 zenbakian dei edota Whatsapp mezu batekin erantzungo dute.
Zerbitzuaren zuzendaria Isabel Fornieles Pereira indarkeria matxistaren biktimei laguntzen aditua den psikologoa izango da. Eta aktibatuta egongo da ekainaren 16ko 17:00etatik ekainaren 18kko 17:00etara bitartean eta ekainaren 23ko 17:00etatik uztailaren 1eko 17:00etara bitartean. Zenbakiaren pegatina txiki batzuk plazaratu ditu udalak, norkbere telefono mugikorraren atzealdean itsatsi eta jaietan eskura eduki ahal izateko.
Dena dela, Kultura eta Gazteria arloekin zein Udaltzaingoarekin koordinatutako kanpaina, telefono morearen dispositiboaz gain, kalean ere presente izango da. Ekainaren 16tik 18ra jaien atarikoan, eta ekainaren 23tik uztailaren 1era bitartean Puntu Moreak ere ezarriko dituzte jende gehien bilduko dituzten hitzordu, kontzertu eta gau luzeetan. Iaz baino egun bat gehiago izango dira martxan Puntu Moreak. “Bi berdintasun teknikari egongo dira bertan beti laguntzeko eta informatzeko prest, baina funtzio disuasorioa ere badu hein handi batean”. Orotara zortzi egun izango dira, gaueko 22:00etatik goizeko 2:00ak arte, San Juan plazan eta Urdanibia plazako kontzertuetan. Istillaga plazako Gaztegunean ekainaren 27an, eta ekainaren 24an 17:00etatik aurrera Koadrilen Egunean Ficoban ospatuko den herri-bazkarian ere.