Jaitzubiko zalditegi aldamenetik hasi eta Plaiaundiraino errekaren garbiketa egin eta ondoren hondakinen bereizketa pedagogikoa burutu dute Txingudi Ekoetxean, Ekopatruilak Irun, Recicla-Birziklatu eta Txingudiko Zerbitzuen laguntzarekin.
Pertsona gutxi batzuk mundua alda dezaketela erakutsi dute igande honetan Txingudi Ekoetxetik antolatutako Jaitzubiko errekastoaren garbiketan. 45 boluntariok hartu dute parte hondakinen bilketa kolaboratibo horretan, eta Jaitzubiko zalditegi edo Txingudi Ikastola aldamenetik hasita, Plaiaundiko Ekoetxeraino, 1.612 kilo zabor bildu zuten hiru orduko auzolanean.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako ekimena izanik, Ekopatruilak Irun, Recicla-Birziklatu eta Txingudiko Zerbitzuen laguntzarekin egin zuten ekintza. Eta bukaeran hondakinan bereiztu, eta erabilera bakarreko plastikoei buruz haur eta familiak sentsibilizatzeko parada probestu zuten.
Txingudi Ekoetxetik oroitarazi dutenez, minuturo milioi bat plastikozko botila saltzen dira mundu osoan. Eta 400 milioi tona plastiko baino gehiago ekoizten dira urtero munduan, horien erdia erabilera bakarreko bizitza dutenak. Baina %10a baizik ez da berziklatzen. Eta kalkuluen arabera, urtero 20 milioi tona inguru itsaso, ibai eta aintziretan amaitzen dute.
Honen harira, eta Txingudi Ekoetxetik abiatu duten sentsibilizatu eta ekintzetara pasatzeko jarduera programa berriaren baitan, hilabete hontako azken ekintzak heldu den asteburuan (ekainak 17-18) proposatuko dituzte, haur eta familientzako gynkana pedagogikoen bitartez. Jarduerak dohainik dira, baina ekoetxea.eus atarian izena eman beharra dago.