Poliziaren jokamolde arrazistaren ardurak zuritzeko exijitu du Irungo Harrera Sareak

Antxeta Irratia 2023ko eka. 12a, 00:00

“STOP Polizia arrazista” lelopean 200 lagun bildu ziren atzo Zabaltza plazan komisaldegi aurrean. “Kasu, Polizia Arrazista Ehizan!”, “Agente jauna, zenbat balio dut nik?” edo “Zergatik ez dituzue Pokemonak harrapatzen?” afitxak eskuetan, askatasunez mugitzeko migranteen eskubidea aldarrikatu zuten.

Irungo komisaldegian 100 migratzaile atxilotzen dituzte hilabetero. Batez bestean, egunero hiru. Betiere, sindikatu polizial nagusiak salatu duenez, presioak jasaten dituztela poliziek ahal bezainbat migratzaile atxilotu ditzaten, destino aldaketa baten mehatxupean. Migratzaile kopuruen araberako opor egun gehigarrien barne-aginduari buruz, ondoren anulatu eta Muga eta Atzerritartasun Brigada burua espedientatu badute ere, sindikatuaren salaketak berak harridura sortu du Harrera Sarean.

Ion Arangurenek oroitarazi du, “sindikatuak egin duen salaketa ere lan-harreman arazo bat izan dela, migratzaileen eskubideak ez zaizkiela inporta”. Eta poliziaren “jokamolde arrazista” salatzearekin batera, migratzaileen kriminalizazioa gaitzetsi dute. “Beltzak eta arabeak gaizkile gisa tratatzen dituzte, paperik gabe egotea falta administratibo bat besterik ez denean, trafiko isun baten parekoa”, dio Arangurenek, “izan ere, atxilotzen dituztelarik, bi orduren bueltan kalean daude berriz ere”.

Lapurdiko migratzaileen ehiza

Zentzu honetan, atxiloketa hauek “ez dute ez hanka ez bururik” Harrera Sareko kideen ustez. “Espainia da Kanarietatik Irunera bideratzen dituenak, eta frantses poliziak beroan itzultzen dituztenean atxilotzen ditu espainiar poliziak berak, ondoren askatzeko, hipokresia hutsa da”, dio Arangurenek.

Honen harira, Lapurdiko ‘Bidasoa Etorkinekin’ elkarteak ere bat egin zuen atzoko kontzentrazioarekin. Hendaia, Biriatu  eta Urruñako bolondresak biltzen dituen kolektiboko Aintzane Lasartek oroitarazi duenez, gaur egun Santiago eta Pausu-Behobiako zubietan poliziaren kontrolak begibistatik desagertu badira ere, “migratzaileen ehiza estrategia aldatu egin delako besterik ez da”. Hego Lapurdi “poliziaz josita” dagoela dio, zubia libratu eta migratzaileak ondoren harraptzen dituztela. “Mugatik 10 kilometro inguruetan dabiltza poliziak atxilotzen eta Irunera beroan itzultzen”, argitu du Lasartek.

Bien bitartean, atzo 17 migratzaile artatu zituen Irungo Harrera Sareak. 15 mutil eta bi emakume.