Hondarribiako txokoak ikusgai Bertizeko Parkeko erakusketan

Antxeta Irratia 2023ko eka. 12a, 00:00

Emeki Emakume Elkarteak Kaleko Margo Lehiaketako lanak ikusgai paratu ditu Bertizen ekaina osoan zehar.

Hondarribiako Emeki Emakume Elkarteak 29 urtez gordetako Kaleko Margo Lehiaketako lan irabazleak erakusketa batean paratu ditu ikusgai Bertizeko Parkean. Ekainaren lehenean ireki zituzten erakusketaren ateak eta hilabetea bukatu arte, egunero-egunero, bisitatu ahal izanen da.

Hogeita bederatzi urtez segidan antolatu du Emeki Emakume Elkarteak Kaleko Margo Lehiaketa Hondarribian. Urte horietan guztietan lehen hiru postuetan sailkatu diren margolanak gorde eta orain dela lau urte erakusteko unea ailegatua zela erabaki zuen. Hondarribiako txokoak ageri dira lan horietan eta Mariaje Berrotaran elkarteko kideak adierazi duenez, “herriaren jabetza” direnez, erakutsi behar zirela uste zuten.

Hondarribiatik, Irundik eta Elizondotik pasatu ondotik, aurten 40 bat koadrorekin erakusketa berri bat jarri dute Bertizeko Parkean. Txoko “izugarri polita” gelditu zaiela ere erran digu Berrotaranek eta margolanak ikusgarriak gelditzen direla erakusketa gelan. 80 bat lan bilduak badituzte ere, soilik batzuk eraman dituzte Bertizera, aitzineko urteetan erakutsi ez dituztenak. Beraien asmoa urtero erakusketa desberdin bat egitea da eta lan guztiak txandaka erakustea. Dagoeneko hurrengo erakusketa Bergaran eginen dutela aitzindu digu hondarribitarrak eta Tolosan egiteko gogoa ere adierazi du. Orduan koadro berri batzuk izanen dituzte ziur, abuztuaren 6an eginen baitute 29. Kaleko Margo Lehiaketa.

Lan hauek arteari eta Hondarribiako historia garrantzia emateaz gain, balorea ematen dio emakume elkarte batek egiten duen lanari. Bidasoaldeko herri honetako emakumeek arrakasta handiko lehiaketa eta lanak bertan edukitzea lortu dute eta horretan segitzeko asmoa dutela ere azpimarratu du Berrotaranek.

Erlazionatuak

Hondarribiako txokoak ikusgai Bertizeko Parkeko erakusketan

Antxeta Irratia 2023 eka 12 Behe Bidasoa