Behobia zubitik Lesakaraino bizikleta martxa eginen dute lehendabizi, eta gero, Bortzirietako herrian Bizikleta Festa eginen dute Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako txirrindulari guztiek elkarrekin.
Balazta elkarteak, Nasuvinsa-Lursare elkartearekin batera, Bizi-Fest topaketa antolatu du ekainaren 10ean Lesakan. Bizi Connect egitasmoaren barrenean antolatu dute ekimen hau eta Euskadiko, Nafarroako eta Akitaniako bizilagunak elkartzeko aukera izanen da. Gainera, Bide Berdea balorean jartzea ere izanen dute helburu, hiru lurraldeak bat egiten duten lekua delako.
Bi zati izanen ditu biharko Bizi-Festak. Imanol Aguirre Balazta elkarteko kideak aipatu digunez, Behobiako zubian elkartuko dira lehenbizi, 10:00ak aldera, Lesakara bizikletaz eginen duten martxari hasiera emateko. Beran eginen dute lehen geldialdia, indarrak berreskuratzeko eta Bortzirietako lehen herri honetako txirrindulariekin elkartzeko. Ondotik, Lesakara aldera joanen dira eta, behin ailegatuta, bertako produktuen dastaketa eginen dute Kasino jatetxean, 13:00ak aldera. Hor elkartuko dira hiru lurraldeko partaideak eta arratsalde guztian zehar izanen dute zer egina. Aguirrek jakinarazi duenez, arratsaldean, jokoak, tailerrak eta musika egonen dira herrian.