Iaz biolentzia matxistaren 35 biktima artatu zituen Bagera elkarteak Hendaian

Antxeta Irratia 2023ko eka. 8a, 00:00

Bortizkeria matxista pairatu duten 35 emazte lagundu dituzte aurrez-aurrekoan, eta 50 gehiago 2022an martxan jarritako telefono zerbitzuan. Urteko bilan baikorra egin dute biltzar nagusian, eta aipamen negatibo bakarra Kotte Ecenarro auzapezak “Kaxilda Hernaez Vargas” militante anarkistaren kale-izendapenaren proposamenari uko egin izana nabarmendu dute.

Joan den ekainaren 2an, ostiralarekin, urteko biltzar nagusia ospatu zuen Hendaiako Bagera elkarte feministak. Orain arte egindakoaz eztabaidatu eta aurrera begira erronka berriak zehaztu zituzten. Hendaiako Bagera elkarte feministak 2022an bortizkeria matxista pairatu zuten 35 emazte lagundu ditu aurrez-aurre, eta martxan jarritako laguntza telefonoan 50 emaztek bilatu zuten haien laguntza. Bortizkeria matxistari aurre egiteko sentzilibizazio ekintzak antolatzen ditu, baina laguntza dispositiboak beharrezkoak direla ohartarazi dute.

Joan den ostiralean urteko biltzar nagusia ospatu zuten, eta orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egiteaz gain, lan ildo berriak martxan jartzeko prest agertu dira. Hainbat proiektu dituzte esku artean. Itziar Varela, Bagera elkarte feministako kideak azaldu digunez, Iparralde mailako emakumeen etxearen proiektuan ere murgilduak daude. Eta herri mailan, aldiz, aipamen negatibo bakarra egin dute urteko biltzarrean. Kotte Ecenarro auzapezak uko egin baitio elkarteak egindako kale baten izendapenari. Dagoeneko Martxoak 8ko mobilizazioetan sinbolikoki kartelak ezarri zituzten, baina “Kaxilda Hernaez Vargas” militante anarkistaren izena ez du Hendaiako auzapezak onartu. Proposamena ezetatzeko argudioa izan da, ez duela Hendaiarekin aski harremanik. Bagera elkarteak harriduraz eta penaz hartu du auzapezaren erabakia. 

Erlazionatuak