Aldaketa sakonak egiteko denbora beharko duela aitortuta, Abotsanitzek gobernua eratzea lortuko badu, “pazientzia” eskatzen die hondarribitarrei Igor Enparan Aranetak. Lehen egunetik “ilusio biziz” udala berbideratzeko “herrigintzak udalgintza elikatuko duen gobernantza eredua” bultzatuko du. Zenbait keinurekin hasteko: agintarien soldatak apalduz, HAPOa birplanteatuz, Alardearen gatazkan “garaile eta garaiturik gabeko” konponbiderako elkarrizketarekin.
Udal hauteskundeen ondoko lehen bilera erronda burutu du Abotsanitzek Hondarribian, udal ordezkaritza lortu duten gainerako talde politikoekin. Eta heldu den astean bigarrenez bilduko dira, ekainaren 17ko udalbatza berriaren osaketa lantzeko. 28 urteren ondoren, EAJz beste talde politiko bat izan da zerrenda bozkatuena Hondarribian. Eta “aldaketaren momentua” iritsi delakoan, udalbatza horretan bere burua alkategai aurkeztuko du Igor Enparan Aranetak.
Gaur GOIZEKO KAFEAN gonbidatu izan dugu. Eta maiatzaren 28an lortutako zazpi hautetsiak eta 2.834 herritarren (%33,8) babesa “ilusioz eta arduraz” hartzen duela aitortu du. Baina oraindik ere alkate izendatu bitartean “prudentziaz” hitz egiten du “hautetsi eta indar politikoen banaketaren matematikek alternatibak ere ahalbidetzen dituelako”. Nolanahi ere, “herrian ilusioa piztu da”, argitzen du, “urte luzez konpondu gabeko arazoak berbideratzeko momentua iritsi delako”.
Alderdi handiekin alderatuta, Abotsanitzek duen independentziak ahalbideratu du aldaketa bere ustez. Eta gobernantza eredu berri bat plantan eman nahi du, “parte-hartzaileagoa eta anitzagoa”.
Aldaketa sakonak eta elkarrizketa
Halere, Abotsanitzek gobernua eratzea lortuko badu, aldaketak ez dira egun batetik bestera somatuko. Igor Enparanek aitortu du denbora beharko dutela. “Pazientzia eskatu beharrean nago, udalean sartuko bagina konsziente gara administrazioan egun batetik bestera aldaketa sakonak nekez egin daitezkeela, baina emaitzak urte amaierarako ikusiko dira”, argitu du.
Zentzu honetan, alkate gisa erronka handiena gauzak ondo egitea izango lukeela dio. “Nahiko autokritikoa naiz, eta gauzak ondo egitea eta bereziki herritar guztiak ordezkatzea da gehien arduratzen didana”, esan du.
Horretarako, gainerako eragileekin ez ezik, alderdi politiko guztiekin adostasun mailarik altuena bilatuko duela iragarri du. Dena dela, estrategikoak diren zenbait proiektu birplanteatuko lituzketela iragarri du. HAPOaren hasierako onarpenaren kasuan, oposizio osoak aurkako ikuspegia izanik, bere ustez, “agerikoa izan delako ez dela partekatua izan”. Eta ekainaren 17ko udalbatza berriaren ondoko aurreneko udal osoko bilkuran iada, zenbait keinu iragarri ditu alkate eta kargu publikoen soldaten apaltzearekin, adibidez.
Bestalde, aurten Alardearen gaian keinu sinbolikoetatik haratago, ez du aldaketa sakonik aurreikusten denborak ez duelako ahalbidetuko. Baina aurrera begira elkarrizketaren bitartez garaile eta garaiturik gabeko konponbide bat lantzeko prest azaldu da. “Zalantzarik gabe, behin eta berriro adierazi dugu, elkarrizketa dela desberdinen artean konponbidea lortzeko tresna. Aldebakarrez nekez lortuko dugu konponbiderik, beraz, aldaketarik emango bada, Alardearen gatazkaren inguruan sortu diren min edo zauriak sendatzeko lanketa bat proposatuko dugu, konponbidea ez dadin bilakatu garaitu eta garaileen arteko zerbait, hondarribitar guztiak batuko dituen zerbait baizik”.
Nolanahi ere, Hondarribian aldaketa handiak egiteko prestutasuna iragarri du Enparanek. Baina aldatu nahi ez dutena, aldiz, indartu baizik, Abotsanitzek 8 urteotan herrigintzan egindako bidea da. Herrigintzak udalgintza elikatu beharra duela uste du: “herritarrak eta udala gertu sentitzea ezinbestekoa da, eta gure nortasunaren oinarrian dago herrigintza. Udalgintza elikatuko den lanketa izango da gure gobernantza eredua”. Bide horretan, hain justu, ekainaren 8 honetan 19:00etan Herri Batzarra deitu du Abotsanitzek Kultur Etxean, parte hartu nahi duen orori irekia.