Migratzaileak «ehizatzeko» poliziaren agindu arrazisten aurrean, Irungo Harrera Sareak dimisioak exijitu ditu

Antxeta Irratia 2023ko eka. 7a, 00:00

Irungo Harrera Sareak irmo eta arduraz salatu du, Polizia Nazionalaren Irungo komisaldegian poliziak jaiegunekin saritzeko ezarri nahi zuten neurria.

Atzerritarren eta Irungo Mugaren Tokiko Brigadaren Zuzendaritzatik ahalik eta migratzaile gehien atxilotzea animatuko lukeen agindua argitaratu zuen atzo, zenbat eta atxiloketa gehiago, orduan eta konpentsaziozko opor egun gehiago eskainiz.

Atzo argitaratu zuten barne-agindua, baina ordu gutxiren buruan anulatu egin zuen Euskadiko Poliziaren Jefaturak, JUPOL poliziaren sindikatu nagusiak salatu ondotik. Aipatutako agindua uztailaren 1ean indarrean sartzekoa zen, eta horren arabera, asteburuetan egindako atxiloketa kopuruen baitan agenteak opor egunekin sariztatzeko prest zegoen Irungo komisaldegia. Migrante bat atxilotzeagatik 3 opor egun, bi migratzaile baziren 4 eguneko konpentsazioa, eta asteburu bakar batean 10 migratzaile atxilotuz gero, 5 opor egun.

Irungo Harrera Sarearen arabera, “sinestezina da migratzaileak ehizatzeagatik” Irungo Komisaldegian poliziak saritzeko ezarri nahi zuten neurria. Anaitze Agirre Larretak azaldu duenez, “pertsona migratzaileen oinarrizko eskubideak, atzerritartasun-gaietan indarrean dagoen legedia eta poliziaren lan-eskubideak ez errespetatzea eta zapaltzea onartezina da, harrigarria eta asaldatzailea”.

Zentzu honetan, Harrera Sareak oroitarazi nahi izan du, paperik ez izatea falta administratiboa dela, trafiko isuna izatea bezala, ez delitu penala. Eta poliziako burutzari erantzukizunak berehala sakonki argitzeko eta behar diren dimisio guztiak emateko exijitu du bolondres taldeak, polizia erakundearen jarrera eta eginmolde “antidemokratiko eta arrazista” ikusirik, giza eskubideak errespetatzeko eta arrazismoaren aurka borrokatzeko beren agenteak behar bezala prestatu ditzaten eskatu du.

Egoera honi erantzunez, ekainaren 8an 18:30etan kontzentrazioa deitu dute hainbat kolektibok, Zabaltza plazako Irungo komisaldegiaren aurrean `Stop Arrazismoa´ lelopean.