Ekainaren 10ean 100 urte beteko dira Pirre Loti (1850-1923) idazlea hil zenetik. Hondarribiko udal liburutegiak, eguerdiko 12:00etan irakurraldi publikoa proposatzen du herriko Puntal auzoan dagoen izen bereko txokoan.
Pierre Lotiren txokoan, haren testuak irakurriko dituzte. Parez-pare idazleak Hendaian izan zuen etxea aurkitzen da, eta horregatik aukeratu dute leku hori sinbolikoki. Kote Guevarak, Hondarribiko liburutegiko zuzendariak azaldu duenez, idazleak eskualdeko hainbat leku deskribatu zituen bere idatzietan, haien artean Hondarribikoak ere. Denboraldi batez Hendaian bizi izan zen, eta bere idatzietan behin baino gehiagotan Hondarribiko deskribapenak egin zituen. Hortaz, bere heriotzaren mendeurrena dela eta, testu horien irakurraldiaren ekimen sinboliko honekin ez ezik, urtean zehar beste zenbait ekimen antolatuko dituzte udal liburutegian. Irailan eskainiko duten erakusketa bat barne.
Hain justu, egunotan, Hendaiako Pierre Lotiren Adixkideen Elkarteak antolatuta haren testu, irudi eta zenbait objetuz osatutako erakusketa bat antolatu dute Hendaiako Mediatekan, ekainaren 16a arte bisita daitekeena.
Aipatutako irakurraldian partehartu nahi duen orok, liburutegian bertan izena eman dezake, 943111285 telefonora deituz, emailez (liburutegia@hondarribia.eus) edota whatsapa bidali (688860846).