Duela 9 urte Kimubat elkarteak sortutako FurgoBaratza egitasmoa Irungo Puianan udalak herritarren eskura jarritako EkoBaratza gunera hurbilduko da gaur. Baratzegintzari buruzko aholkuak eta izurrien kontrako neurriei buruz informatuko dute 18:00etatik 19:30era.
Furgobaratza herriz-herri doa baratzegintzari buruzko aholkularitza edota hazi ekologikoen inguruko informazioa eskainiz. Horrela egin du azken 9 urteotan, KimuBAT elkarteak egitasmoa abian jarri zuenetik. Azken urteetan erakunde publikoek udalerri askotan herritarren eskura jarri izan dituzten ekobaratza lursailei esker, kaletar asko dago nekazaritzan hasi berri direnak. Eta aholkularitza behar dutela identifikatuta hasi zuen proiektua elkarte honek.
Asteazken honetan (ekainak 7) helduko da Irungo Puiana auzoan dagoen EkoBaratzara. Bertan 85 irundar dira 30 metro koadroko baratze bat kudeatzeko aukera dutenak. Eta oraingo honetan, zalantzak argitzeaz gain, udaberriarekin batera baratze ekologikoetan azaldu ohi diren zorri eta bestelako izurriteen kontrako neurriak irakatsiko dituzte.