Hondarribiko udal lorezainek 30garren greba eguna betetzen dute gaur. Azken grebaldia maiatzaren 15ean hasi zutenetik, aldiz, ez dute negoziaketetan aurrerapausorik eman “bizpahiru email gurutzatzeaz gain”. Greba behar den denbora luzatzeko prest dira.
Hernanin bere egoitza duen ANSAREO taldeko ELAI enpresarekin joan den udaz geroztik negoziatu nahian daramate, baina oraindik ere ez dute mahai baten bueltan esertzea lortu. Martxoan hiru eguneko grebaldi bat egin ondotik, 5 asteko epea eman zieten orain greban diren zortzi lorezainek enpresari proposamenen bat egiteko. Eta maiatzaren 15ean ekin zioten bigarren grebaldiari, oraindik ere ekainaren 17a arte luzatuko dute.
Anartean, udal hauteskundeak pasa dira, eta gobernu aldaketa emango da udaletxean. Baina euren borroka ez dela politikoa argitu dio Koldo Nausia lankideari, ELA sindikatuko Xabier Etxanizek gaur GOIZEKO KAFEAN, eta indarrean den gobernuak denbora sobera duela diote akordioa bultzatzeko.
Xabier Etxanizek, ELA sindikatuko ordezkariak salatu duenez, hauteskundeek eragindako impass egoera, hauteskundeak hasi baino 3 aste lehenago hasi zen. “Indarrean dagoen udal gobernuko alkateordearekin bildu ginen, eta esan zigun konponduko zela baina agintaldi berrian, orain ez”, argitu du, “eta orain Hondarribian aldaketa handia emango dela, alkategai berria kontzentrazio batera hurbildu zen egoeraz interesatuta, eta gobernua behin osatuta helduko diogula hitz eman digu”. Dena dela, euren borroka ez dela politikoa oroitarazi dute udal lorezainek, lan baldintzetan oinarritutakoa baizik. “Ez zaigu axola nor dagoen ez edo nor ez dagoen agintean, langileen eskubideetaz ari gara”.
Enpresak 2024a arte kontratua du Hondarribiko Udalarekin. Eta Lan Hitzarmen Estatala apliaktzen diete. Irungo udal lorazainekin alderatuta, urtean lanordu gehiago egiteaz gain, hilero 300 euro inguruko soldata apalagoa dute. Beraz, lan hitzarmen propioa aldarrikatzen dute.