Klubaren urrezko intsignia eta atea zabalik duelako promesa jaso du Capeletek bere agurrean

Antxeta Irratia 2023ko eka. 5a, 00:00

Real Unionekin 157 partida jokatu eta gero, harrobiko jokalariak ez du lehen taldean jarraituko “erabaki teknikoak” direla eta. Hurrengo denboraldian hurbileko talderen batean jokatzeko asmoa adierazi du, Ourensen utzita jokatu aurretik ari zen bezala, harrobiko trebatzaile lanetan jarraitu nahi bait luke.

Mario Capelete jokalari irundarra agurtu dute gaur goizean Stadium Galen. Pasa den astean, Igor Emeryk iragarri zuen bezala, Capeletek ez da gehiago lehen taldeko jokalaria izango. Iaz bi urteko kontratua izenpetu bazuen ere, Movilla entrenatzailearen planetan sartu ez, eta Ourenesen utzita jokatu du denboraldiko bigarren partea. Bere itzuleran egindako bilan teknikoaren baitan, Stadium Galen ez jarraitzea erabaki du klubak hamasei urte ondotik. Ibilbide luzea egin du klub txuribeltzean Capeletek. Izan ere, presidenteak nabarmendu duen bezala, “2008an iritsi zen Mario Real Unionera”. Infantil, kadete, jubenil mailatik eta Oviedotik pasatu ondotik, irundarrak lehen taldearekin lagunarteko batean egin zuen debuta lehen taldearekin oraindik ere jubenila zela, eta debut ofiziala izan zena, “2016ko irailaren 25ean Gernikaren kontrako partiduan (2-2)”. Geroztik, Emeryk azpimarratu duenez, 157 partidu jokatu ditu Capeletek, 16 gol eginez.

Bere azken partida jokatua du beraz Real Unioneko lehen taldearekin. Eta egindako ibilbidea eskertu nahian urrezko intsignia ezarri diote gaur. Halere, Ourensera joan aurretik ari zen bezala, harrobiko taldeetan trebatzaile lanetan jarraitzeko nahia adierazi du Capeletek. Emeryk Mariori aitortu dioenez, “haurrek erreferentzia gisa dizute eta asko maite zaituzte”. Haurrez gain, klubaren inguruan dagoen jende anitzek estima handian dio jokalariari, baita zaleek ere. Horregatik beragatik, “betirako klubarekin lotua egongo dela”, onartu du Emeryk, Gal bere etxea delako eta “agur bat baino, laister arte” esan dio lehendakariak, eskerrak eman ondotik.

Capelete bera ere solastu da eta eskerrak eman nahi izan ditu lehendabiziko. Sentitzen duen guztia hitzez adieraztea zaila dela ere gaineratu du, izan ere, Stadium Galen hamasei urtez izandako bizipenak aunitz dira. Batez ere, “hagitz maitatua eta hagitz baloratua” sentitu dela azpimarratu du eta eskerrak eman nahi izan dizkie “segundu bakar batez lagundu nauten guztiei”. Aunitz izan baitira jokalariak Irunen bizi izan dituen momentu onak eta txarrak ere, eta azken hauetan sentitu du berak jendean babesten zuela. Azkenik, zaleei ere eskerrak eman dizkie “beti izan dituztelako nirekiko hitz onak”.

Klubaren urrezko intsignia jaso duen Irungo azken jokalaria Joxean Legorburu izan zen 1993an. 1997an berriz, Gonzalo Arconada entrenatzaile ohiak ere jaso zuen aitortza hori.