Aurten 10.000 bisitarien langa gainditu du kontsumo eta ekoizpen jasangarriaren, energia berriztagarrien eta bioeraikuntzaren sektoreen erreferentziazko azokak. 20 urteotan 200.000 lagun baino gehiago interesatu dira, bizimodu berdea sustatu eta klima aldaketaren erronkari erantzuteko alternatibarekin.
Ekainak 5a, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren atarian ospatu du Ficobak BIOTERRA azokaren 20. edizioa. Aurten 10.000 bisitari baino gehiago hurbildu dira azokaren hiru egunetan, iaz baino %6 gehiago. Bisitari gehienak gipuzkoarrak izan dira aurten (%82a). Eta ororen erdia (%46a) Bidasoaldekoak izan diren bitartean, Iparraldekoak (%7a) eta Nafarroatik (%5a) hurbildutakoak ere nabarmendu daitezke.
121 erakusketarik parte hartu dute aurten, iaz baino 9 gehiago. Eta antolatutako jarduera, tailer eta animazio desberdinekin batera, sektore desberdinetatik bizimodu jasangarriago bat egiteko aukera desberdinak eskaintzen dituzten enpresa, kooperatiba, elkarte eta erakundeen proiektuak aurkeztu dituzte.
Haien artean, elikaduraren sektorekoak. Biharko Lurraren Elkarteko Paul Karrikaburuk Ezpeletako piper eta Iparraldeko laborariek biologikoan ekoizten dituzten hainbat produktuen postua eskaini du asteburuan. Euskal Herriko nekazaritzaren %5a baizik ez da biologiko edo ekologikoa gaur egun. Bere ustetan, emendatu beharra dago, hori baita etorkizuna. Halere, barazkien ekoizpen biologikoaz gain, jaten ditugun abereen elikadura ere gogoan hartzen du lehen sektoreak Bioterran. Iraia Ugaldek, adibidez, pentsu ekologikoak ekoizten ditu. Eta elikaduran KM0 edo zirkuitu laburra eta ekologikoarekin bezala, energiaren kontsumo eta ekoizpen berriztagarriak ere, Bioterraren sektore izarretako bat izan dira hastapenetik. Euskal Herrian martxan dauden erakunde publikoen proiektu nagusiez gain, GOIENER bezalako kooperatibenak ere presente izan dira aurtengo azokan. Hornitzaile izatetik, energia berdearen ekoizle izatera ere urrats eman dutelarik hamarkada betean.
Baina kontsumitzen duguna eta ekoizten duguna jasangarria behar badu, etxegintza eta hirigintzak ere bide berbera hartzen hasiak dira. Eraikuntza materialen aldetik, garai bateko organikoetara itzultzen ari den sektorea areagotzen ari da ere. Egurrezko estruktura duten eraikuntzak edota aislamendurako materialen hautuan. Ekian enpresako Inhar Garaialde dabil hori bultzatzen, eta xehetasun eman dizkigu.
Baina azokarekin batera, Bioterrak, arlo dibulgatiboa ere lantzen du. Urtero hainbat hitzaldi proposatzen dituzte asteburuan klima aldaketaren erronka eta ingurumenari lotuak, adituen eskutik. Bertan topatu dugu Elsa Cuende, hondakin plastikoen murrizketan eta itsasoetan pilatutako plastikoen bilketa lanetan dabilen GAEA elkarteko aditua.