Laudorio guztiak lortuta, etxekoen esker onarekin eman dute haien azken agurra

Antxeta Irratia 2023ko eka. 5a, 00:00

Bidasoa Irunek laugarren postuan amaitu du ASOBAL Liga, larunbatean Anjel Ximenez Puente Genilen aurka 32-31 irabazi ondoren. Eta Europara sailkatzeko atea ez zaio guztiz itxi oraino. Aldiz, larunbateakoan, bost jokalarik bukatu zuten euren ibilbidea Artalekun, nahiz eta ateak beti zabalik aurkituko dituzten.

Partida ondokoan omenaldi ekitaldi berezia egin zuten, klubak eta taldekideek beste talde batera doazen Mihajlo Mitic, Víctor Rodríguez eta Jon Azkue agurtzeko. Eta bereziki, erretiroa hartu duten Ander Ugarte eta Julen Aginagalde. Irundarraren kasuan, klub, selekzio eta jokalari mailan irabaz daitezkeen ia domina eta laudorio guztiak eskuratuta, etxekoen esker onarekin amaitu du bere ibilbidea. Eta bere 13 zenbakidun elastikoa Artalekuko horman egongo da betirako, larunbatean kamiseta erretiratu eta gero.

Lagun eta senideez inguratuta, omenaldi hunkigarria izan zela aitortu digu Julen Aguinagaldek berak, behin ospakizun guztiak pasa eta lasaiago zegoela.

Era berean, hunkituta azaldu da Jon Azkue kapitaina. Artaleku utzi eta beste bide bat hartuko du heldu den denboraldian. Baina zilarrezko mailan zegoela iritsi zen Bidasoara, eta Europan utzita, urteotan bizitutako guztiak Artalekura lotuko dio betirako. Bidasoarekin bere azken partida jokatu zuen ere larunbatean.