Kooperazio linguistikoa eta herri indigenak protagonistak dituen erakusketa Beran

Antxeta Irratia 2023ko eka. 5a, 00:00

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Garabiderekin elkarlanean, “Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen” erakusketa jarriko du ikusgai Berako Kultur Etxean, ekainaren 6tik 8ra.

Heldu den ekainaren 6an, 7an eta 8an “Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen” erakusketa ikusgai egonen da Berako Kultur Etxeko erakusketa gelan. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu du ekintza, Garabide elkartearekin batera.

Asteartetik ortzegunera, goizetan, Labiaga Ikastolako, Arantzako Herri Eskolako eta Toki Ona Institutuko DBHko ikasleek bisitatuko dute erakusketa, Garabideko teknikariak eskainiko dien bisita gidatuaren bidez. Ekainaren 7an berriz, asteazkenean, herritar guztientzako irekia egonen da, 18:00etatik aitzinera. Bisita gidatua izanen da baita ere, eta bertara joateko izena eman beharko da aldez aurretik (https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSd9gCiDOfAVNECOEpIFzIVLPo7GilB0ZNm82IgDrNZjltiOoQ/viewform).

Erakusketak bi helburu nagusi ditu. Bata, kooperazio linguistikoa nola ulertzen den adieraztea eta zein balio, garrantzi eta aukera dituen honek. Bertzea, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea eta euren sentipenak eta sentiberatasunak ezagutzea.

Paneletan hainbat hizkuntzetan idatzitako ipuinak egonen dira, baita hizkuntza lankidetzaren saretzearen beharra azaltzen dituzten mitoak eta elezaharrak daude.

Erakusketaren informazio gehiago helbide honetan: https://www.garabide.eus/euskara/proiektuak/hizkuntza-indigenak-ama-lurra-zaintzen