Gaur, maiatzaren 31n, ikasleei zuzendutako emanaldian izanen dira soilik, eta bihartik aitzinera, publiko orokorrari irekiko zaizkio Berako Kultur Etxeko ateak.
Mugaz Gain antzerki jardunaldia bueltan da Beran. Gaurtik aitzinera (maiatzak 31), ortziralera bitarte eskualdeko ikastetxeetako ikasleen euren lanak taularatzeko aukera izanen dute. Lehen egunean ikasleei zuzendutako emanaldiak izanen dira soilik eta bihartik aitzinera, arratsaldetan, publiko orokorrari irekiko zaizkio Berako Kultur Etxeko ateak.
Gaur goizean (maiatzak 31) Labiaga Ikastolako DBH2ko ikasleen txanda izan da. 11:00etan, Eta orain zer obra taularatu dute. 13:00etan berriz, Donibane Lizeokoek Ez goaz inora obra eskainiko dute. Bi emanaldi hauek ikasleei zuzenduta egonen dira soilik.
Bihar berriz, ekainaren lehenean, Jesusen Bihotza ikastetxeko ikasleek Hazi magikoak obra eginen dute 12:00etan ikasleentzako eta 18:00etan berriz, nahi duen guztiarentzako.
Azkenik, ortziralean (ekainak 2), Ricardo Baroja eskolako laugarren mailako ikasleek A ze nahastea obra emanen dute 10:00etan. 12:00etan berriz, Labiaga Ikastolako bortzgarren mailakoek Alizia mundu miresgarrian taularatuko dute eta bukatzeko, bi emanaldien errepikapena izanen da arratsaldeko 18:00etatik aitzinera.