Bidasoa-Bortziriak eskualdeko udal hauteskundeetan esker abertzalearen gorakada nabarmena izan da. Irunen, PP alderdiarekin batera (bigarren hautetsia eta 590 bozka gehiago) indar politiko bakarra izan da bozkak emendatzen, 2019an baino 118 bozka gehiago, eta laugarren hautetsia. Hala, PSE-EEko Jose Antonio Santano sozialistak 1.930 bozka galdu baditu ere, 10 hautetsirekin gobernatzeko giltza bilaka daiteke EH Bildu.
Hondarribian ere, giltzarri izango da Garo Lekuona Izetaren taldea. EH Bilduk 74 bozka galdu baditu ere, 2019ko bi hautetsiak atxikitzen ditu. Horrenbestez, udal hauteskundeen ezusteko handienetakoa ahalbidetu dezake. Hondarribiko hiri-gottorrean eman baita aldaketa nagusia. Abotsanitz herri plataformak irabazi du 48 bozaren alde estuarekin, eta 2019ko 4 hautetsietatik 7ra iragan da, EAJri gehiengoa eta gobernua kenduaz. Igor Enparan Aranetak aitortu du, “aldaketa haizeak herrian sentitzen” zituela, baina zazpi hautetsi lortzea ez zutela espero. Halere, ordezkaritza lortu duten beste hiru alderdiekin negoziatu eta herria denen artean eraikitzeko prestutasuna eta lanean jartzeko gogoa adierazi du.
EH Bilduk iragarri du aldaketaren alde egingo duela “alkate izendapenaren giltza” duen heinean. Garo Lekuonaren ustetan “herritarrek EAJ zigortu” baitute.
Bortzirietan EH Bildu nagusi
Bortzirietan ere, EH Bilduk zuen nagusitasuna areagotu egin du. Lesakan, Ladis Satrustegi Altzugaraiek alkate errepikatuko du gehiengo sinplearekin. 2019an 79 bozkaren aldea atera zion Geroa Bairi, eta oraingo honetan 250eko alderarekin 11tik 7 hautetsi eskuratu ditu.
Bortzirietan, orohar, Etxalar edo Arantzan ere goiti egin du EH Bilduk. Baina bereziki Beran. Aitor Elexpuru Egañak alkate errepikatuko du. Baina duela lau urte herriko kontseilua osatzen duten 11 hautetsietatik 7rekin gobernatu duen bitartean, Herrirako plataformari bi irabazi eta 9 eskuratu ditu.
Espero ez zituen emaitzak direla aitortu digu Aitor Elexpuruk.
ENTZUN hauteskunde gauaren protagonistak hurrengo erreportaian