Udal eta Foru hauteskudeak 2023

«Programa batekin mahai-gainean beti, baina Irun aurrera egin dezan, alderdi guztiekin jarrera irekia da gurea»

Antxeta Irratia 2023ko mai. 23a, 00:00

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Irungo PSE-EE alderdiko hautagaia, Jose Antonio Santano Clavero izan dugu gonbidatu Antxeta Irratiko Iparrorratza saioan.

 

San Migel auzunean jaioa, 58 urte ditu eta bizitza osoa darama politikagintzan. “Esperientzia eta ilusioa binomio ezinhobea da”, nabarmentzen du berak, “Irun hobetzen jarraitu” nahi duela azpimarratuz. Jose Antonio Santano Clavero 18 urterekin hautatu zuten alderdi sozialistako Irungo zinegotzi gisa. Eta enpresa pribatuan bi urte lan egin bazuen ere, Gipuzkoako Foru Aldundian diputatu eta zuzendari postuetan aritu ondotik, 1999an Irungo udaletxera itzuli eta 2002an Alberto Buen Lacambra alkatearen lekukoa hartu zuenetik, bost agintaldi jarraian alkate izan da. Seigarren agintaldi batentzako aurkezten du bere burua oraindik ere zeregiteko duelakoan. “Dudarik gabe ez da beti posible helburu guztiak betetzea, ez arlo pertsonalean, ez udaletxean edo enpresetan ere. Gure kasuan helburu garrantzitsuenak uste dut bete ditugula, baina ildo horretan jarraitu behar dugu”, dio.

 

Horretarako, etxebizitza premiari erantzuteko San Migel-Anakan eraikiko dituzten 800 etxebizitza publikoekin batera, VIA IRUN trenbide-eremuaren berrantolaketa proiektuak hiriak Baiona-Donostia artean estrategikoki posizionatzeko potentzialarekin pentsatzen du. “Tren-geltoki berria, jarduera ekonomiko eta berdegune gehiago…”, hiria eraldatzen jarraitzeko xedea du Santano Claverok.

 

Udal langilego eta azpikontrata ereduari buruz, euskararen erabilera bultzatzeko hartu duen konpromiso pertsonala Irungo kaleetara eramateko udal-programak edota Alardearen gatazkan “politika eta jaia” nahasi gabe “bizikidetzan irundarrek emandako aurrerapausoak” aipatu dizkigu, alkatetzan errepikatuko balu, honi buruz aldaketarako konpromiso zehatzik hartuko ez duela iragarriz.

 

Haatik, hauteskundeetako emaitzek aginduko dutenaren arabera, “alderdi guztiekin hitz egiteko prestutasuna” duela iragarri du. “Hori izan da beti gure jarrera, denekin mintzatzea, PP, EAJ, EH Bildu eta Podemosekin ere”, argitzen du. Horren lekuko da bere ibilbide politikoa, non bakardadean, gehiengo politikoarekin eta gabe, PP, EAJ eta Elkarrekin Podemos alderdiekin ere gobernu-koalizioak osatzeko gai izan den urteotan guztietan.

 

Entzun #Hurbiletik_Jose_Antonio_Santano_Clavero elkarrizketa