Karrika arte eszenikoen besta ospatuko dute Hendaian

Antxeta Irratia 2023ko mai. 23a, 00:00

Hendaiako ‘Antzerkiaren Maiatza’ festibalaren 38. edizioa hilaren 25etik 28ra iraganen da. Aurtengoan 20 bat ikusgarri eta jarduera programatu dituzte, eta herrian sormen egonaldietan izan diren zenbait ikusgarri eta proiektuen estreinaldiak ikusi ahalko dira.

Urtero bezala, antzerkia, zirkua, dantza eta musika uztartuko ditu Antzerkiaren Maiatza festibalak Hendaiako plaza eta karriketan. Halere, artea ikusleengana hurbiltzeko ahalegin horretan, aurreneko egunean, festibala ofizialki ireki baino lehen ere, ‘Branca’ tokiko konpainia artamendu etxeetako pazienteen eta zahar etxeko egoiliarren topatzera joanen da, poesia dantzatuko une bat eskaintzeko.  Herriko Etxeko Kultura Zerbitzuko teknikariek argitu dutenez, kultura ororen esku izan dadin lortzen saiatzen baita festibala.

Horiek hala, adin eta gustu guziendako arte eszenikoak izanen dira aukeran. Eta 20 programatutako 20 bat ikusgarrien artean, Hendaiako sormen egonaldietan sortutako zenbait obra ikusi ahal izanen dira aurreneko aldiz ere. Hala nola Nina Garcia hendaiar artistarekin eginen den parte-hartze bidezko eta belaunaldiarteko freskoa (estreinaldia maiatzaren 26ean 18:00etan), edota parte-hartze bidezko bi ikuskizunak «Asfaltoaren azpian, euria» (Piszifaktoria Ideien Laborategia) eta «MU.e» (Le Petit Théâtre de Pain) ikuskizunaren kanpoko lehen emanaldia. 

Festibal ekologikoa

Bestalde, berezitasun zenbaitzuk izango ditu Antzerkiaren Maiatzak aurten. Kale emanaldiak Hendaia osoan zehar izango direla kontuan hartuta, eta inguruko ikusleak ere biltzen dituela, Festibal ekologikoa izateko xedea markatu zuten pandemia ondoko aurreneko edizioaz geroztik. Festibalak eragin dezakeen karbono aztarna apaltzeko helburuarekin garraio-publikoa bultzatuko dute. Eta tokiko produktu fresko eta sasoikoak proposatuko dituzte ostatuan. Esan gabe doa, hondakinen sailkapena egitea eta material berrerabilgarri eta birziklagarria erabiltzeko irizpidea ere markatu dutela.

Era berean, ikusleei ura eskubotilan ekar dezaten proposatzen zaie, bai eta festibalera txirrindaz, oinez edo autobusez etor daitezen. Horretarako, Txik-Txak konpainiarekin lotuta, etxeratzeko hiribusak ukanen dituzte ostiral eta larunbatean Hendaian eta Biriatun, 22:00etan, 23:00etan eta 23:45etan herri barneko geltokitik abiatuta. Eta 31 linearen ibilaldi gehiago izanen da igande arratsaldean, 18:45ak arte.

Egitaraua osoa: www.hendaye.fr/eu/antzerkiaren-maiatzaren-38-karrika-arteen-besta

ANTZERKIAREN MAIATZAREN 38. ALDIA: KARRIKA ARTEEN BESTA  - Hendaye

Erlazionatuak

Karrika arte eszenikoen besta ospatuko dute Hendaian

Antxeta Irratia 2023 mai 23 Behe Bidasoa