Azken 43 urteetan maiatzeko egun batean izan den euri jasarik handiena bota du aste hondarrean Bortzirietan. Ostiral gau eta larunbat goizaren artean, 102 litro bildu zituzten metro kuadroko, eta kalte nabarmenak eragin ditu kale, komertzio eta garajeetan.
Eta Ziga errekak gainezka egin zuen. Beran, urak utziriko loia garbitzen eta kalteak zerrendatzen eman dute asteburua. Zenbait komertzio eta garajetan, ura metro eta erdiko altuerara iritsi baitzen. Kalteak garbitzeko, eta uholdearen momentuan ere, elkartasun eta auzolan uholde batekin egin diote aurre Berako herritarrek.
Nafarroako Gobernuarekin harremanetan dira Nafarroa Iparraldeko hainbat herritako auzapez, dosierrak nola egin jakiteko eta asurantzekin harremanak egiteko. Asteazkenean Nafarroako parlamenduan diru laguntza bereziak onartuko dira.
Aitor Elexpuru Berako auzapezak azaldu idgunez, gaur urgentziaz osatuko dute kalteen balorazio txostena. Eta mendi bide, pista eta baserri bideetan kalterik izan dutenei ere deia luzatu die herriko etxeak, udalari jakinarazteko. www.consorseguros.es edota udalarekin harremanetan sartzeko 952 36 70 42 zenbakia aktibatu dute.
Lesakan ere uholdea bizitu zuten. Bereziki mendi ezponda baten luhiziaren ondorioz, etxe batzuetan tapoia egin zuelako. Urak hartu zuen dena, eta 8 familik beren etxeetatik kanpo pasa behar izan dute asteburua. Ladis Satrustegui, Lesakako auzapezarekin ere mintzatu gara.