Udal eta Foru hauteskudeak 2023

«Komertzio izena mantenduko duten etxabeak markatuko ditugu, ez daitezen garajeak bezala izendatu, alokairuak merketzeko eta merkataritza zabaltzeko»

Antxeta Irratia 2023ko mai. 22a, 00:00

Jose Luis Etxegarai Andueza da heldu diren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Lesakako Geroa Baiko zerrendaburua. Zortzigarren aldiz aurkeztuko da Etxegarai alkatetzara eta aitzinetik ere Lesakako auzapeza izan da 20 urtez, bi garai desberdinetan: 1987tik 2003ra eta 2015tik 2019ra.

 

75 urte ditu Jose Luis Etxegarai Anduezak, Lesakako Geroa Baiko zerrendaburuak, herriko Arcelor Mittal fabrikan langile izandakoa eta bertan jubilatua. Alkatetzan egon zen lehen aldiz, 1987an, eta 16 urtez segidan egin zuen lan hori Etxegaraik, 2003ra arte. 2015tik 2019ra berriz ere errepikatu zuen alkate gisa eta bertze urte aunitzetan zinegotzi izan da Lesakako Udaletxean. Alkatetzan edota oposizioan egonda ere, Udalak abian dituen hainbat plan babestuko dituela adierazi du.

 

Bortzirietako osasun zentroan pediatrarik gabe daude urte hasieratik, zegoenak erretiroa hartu zuenetik hain zuzen. Honez gain, zazpi mediku egon beharko lirateke bertan lanean eta horren ordez, lau bertzerik ez daude. Jose Luis Etxegarai Anduezak azpimarratu du “arazoa inportantea” dela eta herritarrak kalera atera direla hori salatzera. Hala ere, “arazoa ez da horrekin konpontzen” erran du Etxegaraik. Bere alderdiaren plana “Nafarroako Gobernuari aurrekontu serio bat exijitzea” izanen da eta “gero, horri segimendu serio bat egitea, bete dezaten”. Horrez gain, euren lana udal moduan “instalazioak ahalik eta egoera onenean” mantentzea izanen da, baita osasun zentroak behar duen “anpliazioa Nafarroako Gobernuari exijitzea”.

 

Herri bat bizirik mantentzeko ezinbertzekoa da bertan oinarrizko zerbitzuak eskaintzea. Horretarako, Merkataritza Erakarpen eta Antolamendurako Plan Estrategiko bat abian jarri dute Baztan, Malerreka eta Bortzirietan. Etxegaraik hau babestuko duela argitu du: “Plan berri bat egin da eta guk hori babestuko dugu. Gainera, komertzio izena mantenduko duten etxabeak markatuko ditugu, ez daitezen garajeak bezala izendatu. Horrekin, alokairuak merketzen direlako eta merkataritzaren zabaltzea areagotzen delako”.

 

Hirigintzan ere plan berri bat beharrezkoa dela erran du Geroa Baiko zerrendaburuak: “Hirigintzako plana zaharkitua dago eta berri bat egin beharra da”. Plan horrekin etxebizitzaren arazoa konpondu daitekeela uste du Etxegaraik: “Lesakan errekak badira eta Konfederazioak ez digu eremu batzuk okupatzen uzten. Plan berriarekin edifikatzen ahal diren lursail batzuk bilatu beharko ditugu”. Bertzalde, etxe huts aunitz badira herrian eta “horien jabeen eta Nafarroako Gobernuaren artean, udalak zubi lanak egin beharko ditu eta akordio batzuk sinatu”.

 

Berdintasunaren plana ere egina dute, orain dela bi legegintzaldi, Uxue Barkos lehendakari zela, martxan jarri zuten Skolae plana hain zuzen ere. “Ez da guk nahi haina zabaldu eta hori da egin nahi duguna. Hezkuntzatik hasi nahi dugu berdintasuna lantzen eta plan hori bukatuko dugu”, azaldu du Etxegaraik. Horrela eginen dute euskararekin ere. “Bortzirietan %80a euskaldunak gara eta kalean solasean aritu behar gara hori mantentzeko”, erran du. Hortik aparte, “Mankomunitatearekin, teknikariarekin eta dagoen plana betaraziz” lan egin nahi dute.

 

Gero eta turista gehiago biltzen ari da Lesaka eta Udaletik ere hori sustatu nahi izan da. Masifikazio arazorik ez dagoela adierazi du Etxegaraik, baina “tendentzia horrek segitzen badu, soluzio bat bilatu” beharko dela onartu du. Konponbide hori “landetxeak eta pisu turistikoak kontrolatzean” dantza Etxegarairen ustez, “horien errolda bat eginez”.

 

Azkenik, Iparraldeko eta Hegoaldeko herrien arteko harremanez aritu da Jose Luis Etxegarai eta hauek berreskuratzeko beharra azpimarratu du: “Sararekin anaituak gaude eta Azkainekin ere harremana dugu. Hala ere, galdu dira harremanak eta berriz ere berreskuratu beharko genituzke. Erraza da, instituzioetatik hasi beharko ginake eta hori eginda, elkarteak bere gisa hasiko lirateke horiek mantentzen”.

 

Entzun #Hurbiletik_JoseLuisEtxegaraiAndueza elkarrizketa