Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Irungo EAJko hautagaia, Xabier Iridoy Olaizola izan dugu Antxeta Irratiko gonbidatu Goizeko Kafea saioan.
62 urte ditu, Informatikan lizentziatua, lanbidez irakaslea da eta Irungo La Salle ikastetxean 20 urtez irakasle lanetan eta zuzendaritzan ibili ondoren, 2011. urtean udalgintzan murgildu zen. Azken 12 urteotan EAJko bozeramale izan da, 2015 eta 2018 urteen artean jeltzaleek PSE-EE alderdiarekin gobernu akordio itxi zutelarik Hirigintza eta Etxebizitza ordezkaria izan zen gobernu koalizioan. Garai haietan Irunen Eusko Jaurlaritzak egindako aurreneko babes ofizialeko 120 etxebizitzen promozioa aurrera atera izanaz harro dago, baina gero “gobernutik bota” zituztenez geroztik, “etxebizitza politika oso motel doala” salatzen du, “alkateak ez duelako jakin edo ez da gai izan akordioetara heltzen”.
Hala, etxebizitza eta hirigintza arloan duen eskarmentuan oinarrituta, hiri-eredu alternatibo bat proposatzen duela dio, eta “Jose Antonio Santano egungo alkateak 20 urteotan egindakoarekin konforme ez dagoen ororentzat alternatiba erreal bakarra” dela aldarrikatzen du bere burua.
Euskararen erabilera apalak eta Gipuzkoako langabezi-tasa baino %35 handiagoa duen Irungo herritarren ekonomiak, eta indarkeria matxista kasuen gorakadak kezkatzen du. Aldiz, alardearen gatazkari dagokionez, berretsi egin du alardea ospatzeko bi moduak errespetagarriak direlako argudioa. “Guk ondo ikusten ditugu biak, eta bakoitzak egin dezala jaia egoki ikusten duen bezala”, dio. Halere, alardea despolitizatu egin behar dela uste du: “alderdi politikoek ez dugu etekinik bilatu behar, horrek gaiztotzen duelako gauza”. Horiek hala, eta aipatutakoarekin “koherentzia” mantentzeko, ez du alkate balitz zer jarrera hartuo lukeen iragarri.
Entzun #Hurbiletik_Xabier_Iridoy_Olaizola elkarrizketa