Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Irungo Elkarrekin Podemoseko hautagaia, David Nuño Garcia izan dugu Antxeta Irratiko gonbidatu Iparrorratza saioan.
31 urte ditu, Farmazian lizentziatua da, Greenpeaceko aktibista eta sozial arloan Gurutze Gorrian inplikatua. 15M mugimenduarekin bat egin zuen eta Irungo Podemos Zirkuloan murgilduta hurbildu zen udalgintzara. 2019az geroztik zinegotzia, oposizioan hasieran eta agintaldiaren bigarren partean PSE-Eerekin gobernu koalizioan taldeko bozeramale eta Gizarte Zerbitzuetako udal ordezkaria izan da. Bildutako eskarmentuari esker, hurrengo agintaldian Irun hiriari ekarpenak egiteko prestatuagoa dagoela dio.
Kudeatu duen arloaren esperientziatik kezkaturik azaldu da, hauteskunde kanpaina honetan «askok segurtasun faltaren diskurtsoarekin, gauza asko sartzen dituztelako zaku berean oso modu zakarrean», baina eurek «kohesio sozialaren» bidean ari direla eta «diskurtso sinplistak» alboratu behar direla defenditzen dute.
Zerbitzu publikoen defentsa sutsua egiten du. Eta udalari dagokionez, TAO, kiroldegiak eta zaintzari lotutako oinarrizko udal zerbitzuak munizipalizatu behar direla. «Udal zerbitzuak publifikatu behar dira, esku pribatuen alde baino, irabaziak herritarren faboretan erabiltzeko». Etxebizitza, euskara edota berdintasun politikak ere aipatu ditugu David Nuñorekin. Eta alardearen aferari buruz, gobernu koalizioaren akordiotik kanpo utzia zuten agintaldi honetan. Baina argi du: «alkateak errekonozimendua zor dio alarde parekideari, tinko adierazi dugu udalak antolatu behar duela».
Entzun #Hurbiletik_DavidNuñoGarcia elkarrizketa